GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Otaolak herri borondatearen aurkako mespretxurik gorena adierazten du»

PPko alkate Regina Otaolak Lizartzako jaietan Udaletxean espainiar bandera jarri eta auzotar bat salatu zuen. Hori gaitzetsi zuten bertako herritarrek atzo. Beren iritziz, «Otaolak herri borondatearen aurkako mespretxurik gorena» adierazten du-eta.

GARA |

Lizartzako herritarrek gogor salatu zuten atzo arratsaldean emandako prentsaurrekoan PPko alkate Regina Otaolak herriko jaietan izan duen jarrera. Azaldu zutenez, «festa baketsu eta on batzuk igarotzeko moduan geunden, baina Espainia aldetik bideraturik festei beren aportazioa egin nahi izan dio».

Gogora ekarri zuten modura «Frankismo garaitik herriko udaletxean egon ez den ikur espainola jarri ziguten» eta herriko ermitara «bizkar zain eta ertzaintzaren dispositibo ezin zabalagoarekin» etorri ziren.

«Lizartzan ez genuen PPko Regina alkatetzat aukeratu. Ez da gure herriak aukeratu duen alkatea, beraz gure herrian ez dugu PPko alkaterik onartuko 27 botorekin ez baitu herria ordezkatzen», adierazi zuten.

Are gehiago, herritar hauen iritziz PPren estrategia argia da: «Lizartzako herritarrak, probokatzea, iraintzea eta ahal duen herritar oro kartzelaratzea. Horretarako, etorri zen gure herrira, beren bandera española inposatzera bere sasi bakea ezartzera». Guzti horrengatik, Otaolak Lizartzako herritarren «borondatearen kontrako mespretxurik gorena» adierazten duela esan zuten.

Alderdien Legea

Maiatzaren 27ko udal hauteskundeetan EAE-ANV legez kanpo gelditu zen PSOE eta PPk «ahalbideratutako» Alderdiaren Legearekin lizartzarrek salatu zutenez. Izan ere, beren ustez PPk Lizartzako herritarrak «eskubiderik gabeko herritar gisa nahi gaitu» eta bigarren mailako herritarrak, «kontaminatuak eta martzianoak» diren galdetu zuten».

Ildo horretatik jarraituz, herritar guztien moduan «zergak» ordaintzen dituztela ohartarazi zuten eta herritar guztie bezala «eskubideak errespetatu» behar zaizkiela aldarrikatu zuten.

Lizartzako banderen igoeraren ekitaldian Otaolak Udaletxeko elkarretaratzean zegoen batek «vas a morir» esan omen ziolako salaketa jarri zuen eta orain herritar batek Entzutegi Nazionalera joan beharko du deklaratzera «mehatxu terroristak» lelopean. Urte batetako kartzelaldia eskatu dute eta lizartzarrek esan zutenez hori da PSOEk eta PPk beren herriari eta Euskal Herriari inposatzen dioten sasi bakea.

PNVrentzat ere hitz gogorrak izan zituzten. Izan ere, «laguntza osoa» erakutsi baitio PPri Ertzaintza bidaliz eta gogoratu zuten moduan «ez da egoera berria». «Aurreko legegintzaldian Egibar izan genuen alkate, herriak aukeratu gabe. Non geratu da Ibarretxeren hitza herritarren erabakia errespetatuko duela esatean?».

MANIFESTAZIOA

Larunbat honetan, irailak 22, eskualde mailako manifestazioa burutuko da Lizartzan egoera errepresiboa salatu eta euskal herritarron borondatea errespetatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo