GARA > Idatzia > Txokotik

Floren Aoiz Idazlea

NaBaikoen sorbalda zabalak

Gogora etorri zaizkit historian maiz izan diren elizan esertzeko lekuen inguruko auziak

Sutan jartzen gaituenak definitzen gaitu. Oso esanguratsua da zerk haserretzen gaituen, eta zerk ez. Hausnarketa horiek etorri zitzaizkidan burura lehengoan Nafarroa Baiko parlamentariak oso haserre ikusi nituelarik, beste alderdikoei sorbalda ematen eta guzi!

Ni izan naiz Patxi Zabaletaren parlamentukidea eta ez da batere erraza protestetan parte hartzeko animatzea. Lehengoan, berriz, biziki suminduta zegoen. Zer zela-eta horrelako beroaldia?

Haserretzeko moduko gertaerak pilatu dira hondarreko asteetan Nafarroan, jakina. Maiatzeko hauteskundeak ez ziren demokratikoak izan. Bestalde, denek agintzen zuten aldaketa politikoaren ordez, UPN eta CDNren Gobernuaren jarraipena etorri da. Paregabeko iruzurra egin diote Nafarroako jendarteari zapuztutako konponketa prozesuan, berriz ere nagusitu baita Estatu espainolaren erabakitzeko ahal- mena, nafarron eskubideen gainetik. PSNren barnean ere gertatu da horixe bera eta begibistan gelditu da Nafarroako benetako hiriburua Madril dela.

Hau gutti balitz, hasi gara ikasten UPN eta PSNren asmoa Foru Hobekuntzaren erreforma dela, inponsaketa luzatzeko asmoz eta, beraz, herriari bere hautua egiteko aukera ukatuz.

Badituzte arrazoiak protesta egiteko NaBaikoek, zinez! Bada, ez! Ez zuten horregatik egiten. Parlamentuan egin duten protesta bakarra poltrona afera bategatik egin dute. Egia da NaBai bigarren indarra izan zela eta, beraz, logikoa dela bigarrenaren trataera ematea Parlamentuan eta poltronen nagusitasun mailaketan. Baina Nafarroan gertatzen ari dena aintzat harturik, nola izan daiteke hori NaBai gehien mindu duena? Gainera, NaBaiko zuzendarien portaera ikusirik, beste politikariei sorbalda ematea ia gerrilla ekintza da. Bagenekien poltronak inportanteak zirela haientzat, baina espero genuen hobeki disimulatzea!

Gogora etorri zaizkit historian maiz izan diren elizan esertzeko lekuen inguruko auziak. Kostatzen da orain ulertzea, baina usuki bilakatzen ziren paregabeko lehiak. Uste nuen horiek iraganeko kontuak zirela, baina ez, oraingoz badaude eserlekuak beste gauza askoren gainetik jartzen dituztenak.

Horiek bai sorbalda zabalak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo