GARA > Idatzia > Ikusmira

Monarkia kritikatzea garestiegi ateratzen da

Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazek ez zuen neurririk hartu Jaume Rouraren aurka, hots, errege-erreginaren argazkia erretzeagatik deklaratzera deitu zutenaren aurka. Hala eta guztiz ere, ez dago libre; epaiketaren zain dago, Estatu espainolean Koroa kritikatzea edo salatzea ez baita doan izaten. Are gehiago, badirudi Estatu espainoleko monarkiak kontrolak zorroztu dituela, zeren azkenaldian asko izaten ari dira epaileen aurrera deitu dituztenak, «Koroaren aurkako irainak» leporatuta. Nicola Lococo filosofoaren artikulua eta gai bera oinarritzat hartuta «Deia» egunkariko bi langilek eginiko marrazkia; «El Jueves» aldizkariko portada; ekitaldi batean argazki bat erretzea... eta Monarkia erakunde eta sistema gisa kolokan jartzeko eginiko adierazpenak. Hori dena da delitu Estatu espainoleko sasidemokrazia. Danimarkako egunkari batean argitaratutako marrazki satiriko batzuetan, Ala iraindu zutelakoan, Europan liskarra zabaldu zenean adierazpen askatasuna aldarrikatu zutenek ez dute berdin jokatu Estatu espainolean Koroa kritikatzeagatik auziak zabaldu direnean, isunak ezarri edo ezartzen saiatu direnean, kartzela zigorrak eskatu direnean... Izan ere, Estatu espainolean indarrean dagoen legeriari esker, Koroa Ala herri musulmanetan bezain sakratua da. Biek ala biek begirunerik apenas diote adierazpen askatasunari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo