GARA > Idatzia > Gutunak

Eulate Zilonizaurrekoetxea EHEko kidea

Euskal Herriari eta euskarari iruzurrik ez!

Ikasturtea gogotsu hasi dute euskararen etsaiek, hizkuntzaren normalkuntza eta eskubideen bermeari inongo onurarik ekarriko ez dioten pausoak eman dituzte. Beraien hizkuntza politikak ezagutzen ditugu eta herritarrok, behin eta berriro, aldaketaren beharra aldarrikatu dugu. Euskal Herriak eta euskarak ezin dute iruzur berririk onartu, eta atzeraezinak izango diren erabaki eta neurriak behar ditugu; euskararen ofizialtasuna behar dugu gure lurralde osoan.

Une honetan botere politikoa eta instituzionala dutenek, beraien hizkuntza politikak indartzeko mugimenduak egiten dabiltza. Egitura berriak sortzen dituzte, plan berriak edota kanpainak abiatu, baina horiek ez dute euskararen normalizaziorako neurri eraginkorrik atzetik. Egungo legedi eta zatiketa administratiboaren baitan, euskarak bizi duen egoera mantentzea dute helburu. Gainera, herritarron artean euskararen normalkuntzaren bidean pausoak ematen dabiltzanaren irudia zabaldu nahi dute, egun Euskal Herrian nagusi den aldaketaren beharra isildu eta abian duten euskararen aurkako estrategiarekin jarraitzeko ate guztiak zabalik nahi dituzte.

Aipatzen ari garen hau guztia baieztatzeko, hor ditugu Eusko Jaurlaritzak egindako hainbat mugimendu. Herri mugimendua eta euskalgintzaren planak kontuan izan gabe, hainbat eta hainbat dira azken urtean aurkeztutako proiektuak: Elebide, Lan Hitz Ziurtagiria... (euskalgintzak sortu eta bultzatutako Behatokia eta Bai Euskarari Ziurtagiria baldintzatu asmoz). Gainera, ereduen erreformarako proposamen berria ere egin zuten, orduan esan bezala, zehaztasunez janzten ez den bitartean, iruzur berri baten aurrean aurki gaitezkeela argi dugu. Azkena, irailean bertan izan da, Josune Ariztondok, Ondarruko alkate lanetan, urteetan herrian izan den Bai Euskarari Herrietan Akordioa ez sinatzea erabaki du. Beste behin ere, euskararen normalkuntzari eta herritarren lanari trabak jarri dizkiote.

Berriki jakin dugu, Nafarroa Garaian, lehenago Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan egin bezala, elkarte berri bat sortuko dutela. Euskal Herrian Euskarazen argi dugu, ordea, Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskararen Institutuak helburu bera dutela; urtez urte indartzen joan den aldarrikapen eta mugimendu andana desaktibatzea. Izan ere, zer egingo dute euskaren aurkako politika garbia darabilten horiek erakunde berri bat sortu arren? Eta nazkatuta gaude zurikeriekin, nazkatuta herritarren nahiarekin horrela jolasten dutenekin, nazkatuta euskarekiko horrelako jarrera axolagabekoa daukatenekin. Gaur egungo legedi zapaltzaileekin egin nahi omen dute euskararen alde. Baina ederki dakite zer lortuko duten aho-betez aldarrikatzen dituzten hizkuntza politiken aldaketa horiekin, ezer ez. Eta hori dute helburu, kea saltzea surik egiteke.

Euskarak ez du iruzur berririk behar, Euskal Herri euskalduna lortze bidean, pausu eraginkor eta atzeraezinak behar ditugu. Euskararen ofizialtasuna eta hizkuntza eskubideen bermea ahalbideratuko duen hizkuntza politika lortze aldera indarrak batu eta iruzur berririk ez onartzeko momentua da. Bestela, egungo zapalketa eta bazterketa bizitzera kondenatuko gaituzte aurrerantzean ere. Eta horren aurrean borroka egitea gure esku dago, ekin diezaiogun bada lanari!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo