GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Unai Beaskoetxea Gutierrez eta Maider Alonso Altzibar Jarrai-Haika-Segi-ko sumarioan inputatu bezala egondakoak

Elkartasunetik... elkarlanera

Herri bezala erantzuten jakin genuen, 18/98 eta bestelako sumarioekin bezalaxe... baina hori ez da nahikoa, babesa eta elkartasuna gainditu eta Euskal Herrian elkarlanaren uholdea sortu behar dugu

Zenbat gara? Lau, bost... Zenbat dira? Hiru, sei... Zenbaki zehatz batek kopuru bat eman ohi digu baina gure herrian aspaldi euskal logika gainditzen duen formulazioa aplikatzen zaigu.Gure herriaren eta herritarren izaera zein nortasuna ulertzen ez duten batzuek ezarri nahi diguten bere teoria eta interesen araberako neurria.

Eta zenbakiak gora, matematika behera... 18/98 sumarioa bilakatu nahi dute euskal jendarte eraldatzaile eta eraikitzaile baten aurkako formula magistrala. Non adierazpen askatasuna, antolatzea, biltzea, pentsatzea eta sentitzea arau arrotz eta estu batzuen arabera jasotzen ez bada, debekuak, espetxea, tortura ezarri egiten diren.

Gu Jarrai, Haika eta Segiren sumariopean atxilotuak izan ginen eta gerora espetxeratuak, lau urtez epaiketaren zain. Eta epaiketa burutu ostean, Auzitegi Nazionalak egin zuen bere epaia, baita gerora Gorenak berretsi ere; Jarrai, Haika eta Segi erakunde terroristatzat definitu eta operazioetan atxilotutako gehienek espetxe zigorra jaso zuten, gaur egun espetxean dituztelarik.

Sumarioaren hasieratik argi genuen operazioa ez zela atxilotu edota inputatuen aurkakoa soilik, gu sumario horren aurpegiak baginen ere, euskal gazteriak urteetan erakutsitako antolatzerako eta borrokarako gogoaren aurka eta berau zapuzteko asmoarekin sortu eta garatu zela baizik.

Gure epaiketaren harira, Euskal Herritik jasotako babes eta elkartasun uholdeak ziegetaraino sartu ziren. Jakin bagenekien ere ez zirela guretzat bakarrik, ez zirela norbanakoaren eskubide urraketen aurrean egiten zirenak, baizik eta gure sumarioarekin urratzen ari ziren eskubide urraketa guztien aurka burutzen ziren erakustaldiak zirela. Orduan herri bezala erantzuten jakin genuen, 18/98 eta bestelako sumarioekin gertatu izan den bezalaxe... baina hori ez da nahikoa, babesa eta elkartasuna gainditu eta Euskal Herrian elkarlanaren uholdea sortu behar dugu. Elkarlana izango baita gure herrian geure eskubideak eskuratzeko eta hauen urraketen aurrean erantzuteko giltza.

Bihar, igandea, Euskal Herrian eskubide zibil eta politikoen urraketa etengabe eta iraunkor bat jasaten dugula salatuko dugu, era ezberdinetan gauzaturikoa, ekonomikoki, sozialki, politikoki, juridikoki, indibidualki, kolektiboki, herri gisa... Norberaren pentsamolde politiko propioa gaindituz eta alboratuz, benetan batzen gaituenaren aldeko apustua eginez. Maila batean edo bestean eskubide zibil eta politikoen aldeko ekimen herritar bat irudikatuko dugu Altsasun eta, hortaz, batera jotze edo bateragune hori ahalik eta indartsuena izateko Euskal Herriak deialdia ahalik eta indartsuen bilakatu behar du.Euskal herritar ororen eskubide zibil eta politikoak daude jokoan. Nazio izan nahi duen Herria dago jokoan.

Orain jendartearen ordua da. Euskal herriaren ordua da. Sasi-sumario hauetan murgilduak egon eta pairatu izan dugunok, euskal jendarteari, Euskal Herriari esan nahi diogu: herri bezala erantzun behar zaio egoera honi; herri perspektiban sakontzen dugun heinean, hau da, estatuen antzutasunari herri moduan erantzuten diegun heinean, Euskal Herria bere etorkizunaren jabe izateko urrats nabariak ematen ditugu eta, beraz, aspalditik pairatzen dugun gatazka politikoaren konponbiderako ezinbesteko euskarri bilakatzen direla pauso horiek. Erabaki behar duen subjektua, herria alegia, bere burua etengabe elikatzen dabilelako.

Egunez egun Estatu espainar eta frantziarraren zapalketa iraunkorra ikusarazten digute; arlo eta eremu guztietan euskaldunok ez dugu gure hitza eta erabakia gauzatzeko aukerarik. Berau indarrean mantendu dute Estatuek gure herriaren zatiketa gauzatuz. Lehen aipatu dugun moduan, gure epaiketaren harira egindako lan eta indar metaketak argi demostratu zuen zer nolako potentzialitatea eta gaitasuna artikulatu dezakegun herri perspektibatik erantzunez. Ildo horretan urratsak emateak duen estrategikotasunaz jabetu behar gara, eta ezaugarri horiek aintzat harturik, bide horri eusten jarraitu behar dugu. Guztion eskubideen defentsa horretan.

Zenbat gara? Sumarioetako inputatu guztiak. Zenbat dira? Alor guztietan, plano guztietan eskubide urraketa orokorra.

Bihar Altsasun bat egingo dugulakoan, elkarlanari abiada emateko, herri honen eskubideen defentsan eta elkarlanean.

Eskubide zibil eta politikoen alde, Euskal Herria elkarlanean!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo