GARA > Idatzia > Zinema

Broomfieldek amerikar marineen Hadithako triskantza berregin du

«Battle for Haditha» filmak Iraken amerikar marineen talde batek 2005. urteko azaroaren 19an egin sarraskia irudikatzen du sasi-dokumental modura. David Broomfield zuzendariaren filme hau beste hamabostekin batera lehiatuko da Urrezko Maskorra lortzeko.

p050_f01_97x156.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Nick Broomfielden «Battle for Haditha» filmak Iraken 2005eko azaroaren 19an izandako gertakari lazgarria du hizpide. «Gatazkaren agertokira bertara itzuli nahi izan dut», azaldu zuen zuzendariak.

Izan ere, aipaturiko egunean irakiar matxinatu talde batek amerikar marineen konboi batean lehergailua jarri eta tropako ofizial estimatuena akabatu zuen. Ondorioz, inguruko etxeetan 24 pertsona akabatuta, marineek ezin zurituzko triskantza egin zuten; emakume eta ume ugari barne.

Bertsio ofizialak, hala ere, benetako hildako kopurua ezkutatu zuen eta armadak, triskantza izan eta berehala, tropako buru zenari ohore-domina eman zioten, albistea mundura zabaldu arte behintzat. Filmean, hortaz, gertakari haiek guztiak ekarri nahi izan ditu joan zen urteko Zinemaldia «Ghosts» lanarekin ireki zuen zuzendariak. Dokumental itxura du lanak, hain zuzen gertaeren berritze hori lortu ahal izateko. «Azken urteetan izan den aldaketa teknologikoak errealismo handiagoa duen zinema egitea ahalbidetu du. Nik `denbora erreal' horren ideia erabili nahi nuen eta horregatik erabili nuen dokumental itxura. Horrek gainera egoera jakin batzuetako tentsioa eta errealismoa gehitzeko aukera eman dit», argitu zuen Kursaalean egindako prentsaurrekoan.

Aktoreetako batzuk gainera, marine ohiak dira eta istorioa gertutik ezagutu ahal izateko sarraskian parte hartutako zenbait marinerekin ere bildu ziren filmeko arduradunak.

Errudunik ez

«Filmak ez ditu amerikarrak errudun egin nahi, eta ezin dut Al Kaeda egin egoera hau sortu duen AEBetako politika baino errudunago», esan zuen Broomfieldek. «Hau beste gerra askotako errealitatea ere bada, eta azkenean horietan guztietan gertatzen dena da erdian geratzen diren arma gabeko pertsonak erabili egiten dituztela gerretako bi aldeek. Gertakari horretan buru belarri sartzean inor errudun egitea oso zaila dela ikusi nuen», gaineratu zuen.

«Kurt & Courtney» eta «Ghosts» pelikulen zuzendariak era berean, jendearengana iritsitako informazioa «partzialtzat» jo zuen.

BEGIRUNEA

«Battle for Haditha» filmaren bidez, Nick Broomfield zuzendariak «begirunea eta estimua» piztu nahi ditu Irakeko gatazkan parte hartzen duten alderdien artean.

Sekzio Ofiziala

Jatorrizko izena: `Battle for Haditha'.

Zuzendaria: Nick Broomfield.

Interpreteak: Elliot Ruiz, Eric Mehalacapoulos, Andrew McLaren eta Yassmine Hanani.

AEBetako emanaldiaren zain dago zuzendaria

«Battle for Haditha» filmaren prentsaurrekoan zuzendari Nick Broomfieldek AEBtako emanaldiaren zain dagoela esan zuen. Izan ere, bertan ez dute lana estreinatu oraindik eta bertako biztanleen erantzuna ezagutu nahi du. «Nik uste dut shock antzeko bat ere sortu dezakeela AEBetan. Izan ere, bertako komunikabideek ez dute albistea behar bezala eman. Han, batez ere, Fox News ikusten dute, hau da, errealitatearen zati txiki bat besterik ez», esan zuen Broomfieldek. R.C.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo