Josebe EGIA
2.500gatik, jaioberriak?
Hain da garrantzitsua Estatu espainoleko Gobernuarentzat -baita Eusko Jaurlaritzarentzat ere- lurraldeko familien ongizatea, non jaioberria den ume bakoitzeko 2.500 euroko «saria» oparituko duten. Bide batez baliteke egun daukagun jaiotza-tasa eskasari bultzadatxo bat ematea.
Nik sari izendatu dudanari, eurek diru laguntza deitzen diote. Bueno, lehen zatiarekin ez daukat arazorik, baina laguntza deitzea horri... adar jotzea dela iruditzen zait. Pertsona edo bikote gazteek familia bat izan eta aurrera atera dezaten baldin bada helburua, laguntzak eta aldaketak beste ildo batetik etorri beharko direlakoan nago. Zeren eta kontua ez da ume bat ekartzea, 2.500 euro jaso eta sehaska ederra eta arropa politak erostea, gero modurik ez bada egongo ume horrek behar duen heziketa jasotzeko, ezinbestekoa den gurasoen arreta eta denbora edukitzeko eta kontuan izan behar diren beste hainbeste faktore uztartzeko.
Gazte gehienek ez daukate inolako aukerarik etxebizitza propioa eskuratzeko, lana edukita ere -askok ez daukatena- zortedun kontsidera daitezke «mileurista» izatera ailegatzen badira, egun emakumeek ere kanpoan lana egiten dute eta euren ibilbide profesionalak dituzte -oraindik gizonezkoenak bezain baloratuak izan ez arren- eta kontua ezinezko bihurtzen da emakume batek bakarrik umea heztea erabakiz gero. Hau da, lana eta familia bateratzeko ahalmenik ez daukate, ez diru aldetik, ez zerbitzu aldetik, inondik inora. Gauzak horrela, umeak mundura ekartzen hastea ez dago euren berehalako aukeren artean, nahitaez.
Beraz, ume lehorte egoera iraultzeko eta gazteak animatzeko, Espainiako Gobernua 2.500 eurorekin datorkigu. Antza denez, ume bat ekarri ala ez pentsatzeko orduan erabakigarri bihurtuko den faktorea izango dela iruditu zaie. Eta horretan dabiltza egunotan Kongresuan, talde ezberdinak neurria noiztik aplikatzen hasiko diren jo eta ke eztabaidatzen, neurriak berak helburuarekiko zerbait konponduko balu bezala.
Bestalde, Txisko Fernandezek ezin hobeto esan bezala, neurria demokraziaren kontrakoa -diru berdina jasoko baitu multinazional bateko nagusiak eta garbitzaile batek- eta antisoziala da -dirudunek ere helburu sozialetarako bidera daitekeen dirua jasoko dutelako. Eta nik hauxe gaineratuko nioke: demagogikoa, dudarik gabe elektoralista eta trikimailu hutsa -ez baitigu ihes egiten legealdia bukatzear dagoela eta hauteskundeak bertan ditugula, ezta?
Aukeran, Errusiako probintzia bateko gobernariari bururatu zaiona nahiago: enpresariei eskatu die euren langileei asteazkena jai eman diezaieten egun hori amodioa egiteko balia dezaten. Egun horretatik justu 9 hilabetera ume bat edukiko balute, sari bat irabazteko aukera izango lukete. Saria etxerako zerbait izan daiteke, esate baterako telebista bat edo hozkailu bat. Seguruenik inor ez da animatuko umea sariarengatik bakarrik egitera, baina zein pozik egongo diren probintzi horretako langileak asteazkenean...