Mikel Aramendi Kazetaria
Blackwater: izen iluna, negozio garbia
Gaztelaniaren «unibertsaltasun» goraipatua ez da horrenbestekoa, agian. Bestela, konnotazioak hainbeste zaintzen direneko mundu globalizatu honetan jazotzen direnetako batzuk ez lirateke gertatuko. Duela 25 urte, japoniar batek mundu osoan saldu nahi zuten ibilgailu paregabeari Pajero izena ipini zion, eta askoren algarak aditu arte ez ziren ohartu ere egin konnotazioaz. Duela 10 urte berriz, Estatu Batuetako Moyocken XXI. mendeko lehen armada pribatua eratzeari ekin zionean, Erik Prince aberaskume militaristak ez zuen historia edo olerki liburuak arakatzen denborarik galdu nahi izan izen bila: bertatik bertara zuen ibaiaren izena eman zion, Blackwater, haren itzulpen-kalkoak gaztelaniaz eduki zezakeen adierari jaramon handirik egin gabe. Total, inor liluratu edo maitemintzea ez zuenez helburu...
Hamar urte geroago, ikusgarrizko armada bilakatu da erakundea: Iraken 20-30 mila mertzenario dituztela kalkulatzen da; beste iturri batzuek ehun mila izan daitezkeela diote; urtero 40 mila lagun entrenatzen dituztela diote beraiek. Armada pribatua da... baina diru-kutxa publikotik ordaindua funtsean; ezin da jakin zenbat diru jaso duten Blackwaterrek eta beronen filialek Bush Administrazioaren atal ezberdinetatik azken urte hauetan, batez ere Irakeko «lanengatik». Errepublikarren eskuin muturrarekin korapilatuta (Prince familiak harreman estuak ditu mugimendu kristau fundamentalistenekin), AEBetako indar armatuek «ofizialki» egin ezin dituzten estolda lanez arduratzen da... Armadaren giza-soberakinak erabiliz. Ez da negozio txarra, inondik inora.
Arazoa da, ordea, Blackwater izenak gero eta konnotazio gaiztoagoa bereganatu duela. Erakundearen izanagatik, izenagatik baino askoz gehiago. Batez ere Iraken, baina baita ere Afganistanen, ez lege ez gizalegerik gabe izugarrikeriak egiten dituen banda armatu mertzenarioa dela argi dagoelako. Pasa den astean Bagdaden gertatua argigarria izan da benetan: beraiek ez beste inork ikusi ez zuen «eraso» bati erantzunez, Blackwaterreko mertzenarioek aurrean aurkitu zituzten kaletar guztiak tirokatu eta dozena bat hil zituzten. Sarraskiaren ondoriozko krisiak, bestalde, Bagdaden nork agintzen duen erakusteko balio du: irakiarren haserreari erantzunez, Maliki lehen ministroak jarduteko baimena kendu dio Blackwaterri; baina okupatzaileek ezetz esan dute...