Tasio Erkizia Psikologian lizentziaduna
Eskola-jazarpena eta Hezkuntzaren berrikuntza
Jazarpenen aurrean zein protokolo jarraitu behar den jakitea ez dago gaizki, baina azaleko neurria da. Ikastetxeetako jazarpenek arazo estrukturalen isla dira, Hezkuntzaren «porrota» adierazten dute
Lakuako Gobernuko ordezkariek ikasturte berriaren aurkezpenean, eskola-jazarpena izan dute izpide eta hezkuntzan bizi dugun arazo nagusietakoa bezala aurkeztu dute. Gaia ez dut gutxietsiko. Baina guztiz desegokia iduritzen zait eman zaion trataera eta guztiz azalezkoak berau gainditzeko aipatutako neurriak.
Irakaskuntzan, eta bereziki bigarren hezkuntzan, elkarbizitza bermatzeko jarriak ditugun arauak betearaztea zailago bihurtzen zaigu; neska-mutilek ez dute esfortzurako ohiturarik; dispertsio izugarrian murgildurik bizi dira; entzuteko ohitura falta zaie; errazenera jotzeko joera oso barneratua dute etabar. Funtsean, giza balore gutxi eta kontsumismoan murgilduriko neska-mutilak dira.
Hezkuntzari buruz ari garelarik, testuinguru konplexu bateko gazteen heziketari buruz ari gaitzaizue. Eta zenbait ikastetxeetan gazteen artean zein irakasleekiko bizi diren jazarpenak koordenada horietan kokatu behar dira. Eta beraz, gertatzen diren jazarpen larriak, egoera sozial baten isla bezala ulertu behar baldin badira, Hezkuntza Sistemaren erantzunak ere orokorragoa eta tamaina berekoa izan behar du.
Jazarpenen aurrean zein protokolo jarraitu behar den jakitea ez dago gaizki, baina azaleko neurria da. Ikastetxeetako jazarpenek arazo estrukturalen isla dira, Hezkuntzaren «porrota» adierazten dute. Eta beraz, egoerak hausnartze serio eta sakona eskatzen du. Asko da aldatu beharko litzakeena, baina badira berebiziko garrantzia duten hiru ildo. Ez dira bakarrak noski, baina zutabeak dira.
1. Irakasleen prestigioa berreskuratu. Irakasleriaren prestakuntza eta berrikuntzak astintze nabarmena behar dute eta bestetik, prestigio soziala berreskuratu behar da.
Hezkuntzari buruz mintzatzen garelarik, bere garrantzia inork ez du zalantzan jartzen baina egunerokotasunean, agintari eta instituzioentzat gai «elektorala» da, arinkeriz erabiltzen dena. Bestela, nola uler daiteke Gobernu bakoitzak bere «Hezkuntza Lege Berria» aldarrikatzea? Eta gainera, zer pentsa aldaketa guztiak irakasleriarekin kontatu gabe egiten badira? Beti ari gara berrikuntzari buruz hizketan, baina ikastetxeen funtzionamenduan ezer gutxi aldatu da.
Lakuako Gobernuak duela hiru hilabete hizkuntza eredu berriak aipatu zituen eta handik gutxira ustezko Euskal Curriculuma plazaratu zuten. Zertan da hori guztia? Propaganda hutsa eta gainera merkea. Hasi berri den ikas- turtean, teorian behintzat, plan berria martxan jartzen da. Baina ez dago inolako orientabiderik, ustezko berrikuntzak gauzatzeko, ez dago irakasleentzat ikastarorik. Eta prestakuntzarik gabe nekez berma daiteke irakasleriak behar duen profesionaltasuna.
Gizartean, irakasleriari buruz zabaldurik dagoen «klitxea» opor luzeaz eta lan gutxi egiten dutenekin loturik dago. Eta irudi hori ez da egokiena 15-16 urteko neska-mutilek «errespeta» gaitzaten. Lehen, irakaslea errespetatu behar genuen zigorra-autoritatea zelako, orain zergatik dela esan behar diegu? Irakasleriaren «prestigioa» ez badugu berreskuratzen, era guztietako jazarpenak areagotu egingo dira.
Irakasleriak betetzen duen funtzio sozialak duen garrantzia kontuan izanik, berari dagokion erantzunkizuna handia da, eta eskatu behar diogun ardura maila berekoa. Baina aldi berean, eginkizun pedagogiko hori funtzio publikoa den heinean, gizarteak berak ere lagundu behar dio eginkizun horretan heziketa lana baloratuz eta prestigiatuz.
2. Gurasoen inplikazioa areagotu. Gazte baten heziketan faktore askok dute eragina: familiak, eskolak, lagun kuadrilak, telebistak, eta oro har gizarte osoak. Baina nerabe aroan lagunekin batera familiak eta eskolak zeregin berezia dute eta gure esku dago bi eragile horien arteko osagarritasuna biderkatzaile bihur- tzea. Gurasoek deskalifikatzen badute eskolako lana, gutxirako balio du gure ahaleginak, eta aldiz harreman estuak baldin badaude elkarlaguntza oso baliotsua izan daiteke. Esperientziak erakusten dit neska-mutilengan eragin zuzena duela gurasoek ikastetxearekin harreman positiboak izateak.
Askotan entzuna dut, zenbait irakaslerengandik: «gurasoak zenbait eta urrunago hobekio». Nere ustez oker izugarria da eta egun bizi den giro desatseginaren iturri. Elkarren beharra nabaria da eta beraz elkarlana ezinbestekoa. Bakoitzak bere tokian eta bere funtzioan, noski, baina eginkizun osagarria bermatuz. Hezkuntzaren oinarria pertsonen arteko harreman goxoak edo «kimika» egokia sortzea bada, nola ez da ba funtsezkoa izango guraso eta irakasleen artean harreman lagungarriak izatea?
3. Ikastetxeen autonomia bermatu. Esan berri dute, ikastetxe publikoek, arazorik izanez gero, ikasle bat kanporatzeko eskubidea izango dutela. Baina ikastetxeen autonomia askoz zabalagoa izan behar da. Egungo zuzen- daritzako taldeek ez dute askatasunik ikastetxearen antolakuntza bideratzeko, pauso guztiak administrazioaren baimenaz ematera behartzen baitituzte. Eta horrela ezin dute «autoritaterik» eduki. Eskoletan ezin da «jauntxokeririk» onartu noski, baina autonomiarik gabe ez dugu kalitatezko hezkuntzarik lortuko. Jarraipen zorrotza egin behar zaie ikastetxeei baina horre- tarako errotik aldatu behar dira egun bizi duten dependentzia eta sumisio egoera. Gaurko ikastetxe publikoetan behintzat, iraulketa sakona eta benetakoa egin behar da.
Eskoletan bizi diren jazarpen egoerak sustrai sakonak ditu, eta neurriko berrikuntzaz ez badiogu erantzuten areagotu besterik ez dira egingo. Hezkuntza eta eskola eredua dago krisian. Eta galdera zera da: ausardia edo gogorik ba al dago honen inguruan eztabaida serioa piztu eta bultzatzeko? Egoerak eskatzen du. Bestela, betiko bidetik joko dugu: neurri disziplinarioak areagotu eta zigorrak gehituz. Hezkuntza, berrikuntza nabarmenen beharrean da.