Ixabel Etxeberria Irakaslea
Parisek agindutako ihizia
Frantziak etorkinak hautatu nahi omen ditu, elkartze familiarra ukatuz, familien bereizketa sortuz. Inspekzio akademikoek eskoletako arduradunei paperik gabeko haurren zerrenden igortzea eskatzen dute
Behobi, Lapurdi, goizeko zortziak, lan- gileak lanera doaz, haurrak eskolara, karrikak eguneroko zereginetan du gogoa. Bide bazterrean emazte bat, lurrerainoko arropaz jantzirik eta zapia buruan. Aski da, hortik pasatzen zen polizia autoa gelditzen da, uniformez jantzitako bi gazte jausten dira, hirugarrena polizia autoan gelditu da eta emaztearen galdeketa hasten dute. Emazteak ez du deus eskuetan, erraten die ondoan bizi dela, horkoa dela. Hori dena egin dute inguruak zainduz, ea erreakziorik ez ote zen gertatuko. Bakean uzten dute. Aitzina goaz. Behobiako zubia. Polizia nazionalaren kontrol indartsua. Bidea moztua, argiak pizturik, autoak gelditzen...
Bi gertakizun horiek laburbiltzen dute gaur egun bizi dugun oinarrizko egoera. Lanera goaz, erosketak egiten ditugu, kirola egiten ibiltzen gara, besta egiten, bizitza normala eramaten ari garela iduriz eta bi biztanlego mota zainketa berezi baten objektua izaten da, sekulan baino indar, medio eta determinazio handiagoarekin.
Emaztea soilik janzteko erarengatik gelditu dute, polizia horiek eskuratzen dituzten aginduetan biztanlego mota berezi bat kontrolatzea errana baita. Ez du horrek deus ikuste- korik delituekin, biztanlego horretan inseguritatea sortzearekin baizik .
2007ko ehun eta hogeita bost mila etorkinen atxiloketa eskatuak izan dira eta hogeita bost mila kanporatzen aurreikusiak. Horiek dira Barne Ministeritzatik kudeatu behar dituzten kopuruak, horiek eskatuak izan direlako Paristik. Zenbaki horiek dituzte polizia agente guziek buruan, «garaipen» horien araberako sariak lortzen ahal baitituzte. Ondorioz, Paris inguruetan gertatzen diren larrialdiak ez dira gelditzen, aste honetan txinatar gazte batek bere burua leihotik bota du polizia kontrolaren saihesteko. Frantziak etorkinak hautatu nahi omen ditu, elkartze familiarra ukatuz, familien bereizketa sortuz. Inspekzio akademikoek eskoletako arduradunei paperik gabeko haurren zerrenden igortzea eskatzen diete. Sarea martxan ematen ari dira, ondotik kanporatze errealen antolatzeko.
Hau da frantses Gobernuaren lan ildo nagusia, etorkinak ihiztatzea, musulmanak inseguritatean atxiki terrorismoaren aitzakia baliatuz, orain arteko politika errepresiboekin jarraituz noski.
Polizia indarren emendatzea eta haien ahalmenen azkartzea dakarte bi aitzakia nagusiek, terrorismoa eta imigrazioa neurtzearen beharra. Ipar Euskal Herrian jasan behar dugun imigra- zio fenomenoak beste kolorea dauka, diruarena, espekulazioarena honera etortzen direnak herri lasai eta baketsua behar dute. Euskaltasuna ezabatzen aritu dira modernitatea ekartzen zigutela, alegia. Orain arteko abertzaleen kontrolaren gainetik beste populazio horren zapaltzea ere beharrezkoa dute. Hau da prestatzen diguten geroa.