ŤArberatze aukeratuta, inbertsioa lurraldean bertan gelditzen dať
Laudioko JEZ enpresa txikia geratu zaiela-eta, taldeak beste lantegi bat sortuko du Nafarroa Behereko Arberatze herrian. Punta-puntako teknologiak erabilita, trenbide gurutzaketak egingo dituzte eta 43 lanpostu sortuko dira hasieran. Guztira, ia 15 milioi euro balio izango du MFA lantegia instalatzeak. Erakunde eta agintariek «harrera oso ona» egin diote 2009ko urtarrilerako abian izango den proiektuari.
Arantxa MANTEROLA |
Hego Euskal Herriko enpresa batek Ipar Euskal Herrian beste bat sortzea erabakitzea ez da oso ohikoa. Proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkigu Urtsa Errazti enpresaburuak.
Zergatik hartu duzue erabakia?
Hainbat arrazoi izan da tarteko. Batetik, merkatu arrazoiak frantses hiztunen lurraldetara ailegatzea nahi dugulako; bestetik hurbiltasunagatik bai eta lan-giroarengatik ere, Ipar Euskal Herrian lan giroa ona baita. Eta azkenik, inbertsioa lurraldean gelditzen delako.
Nekazaritzako lurretan jarriko duzue Materiel Ferroviaire d'Arberats (MFA) lantegi berria. Askorentzat hori eragozpen izan ohi da (enpresa munduko egiturarik eza, komunikazio arazoak...). Ez al duzue horrelakorik izan?
Arberatzeko eremuan industria gune berria egitea erabaki dute. Egia da, berez, Amikuzeko eskualdean nekazaritza dela jarduera nagusia baina komunikazio aldetik ez dago hain gaizki. Autobidetik 15 minutura dago Donapaleu eta Gipuzkoako eta Lapurdiko industria guneetatik ere nahiko hurbil dago. Bestalde, suspertzeko eremutan dauden nekazaritza lurrek diru-laguntza bereziak dituzte eta horrek ere enpresa han jartzea erabakitzeko lagundu egin du.
Euskal Herrian egon arren, Estatu frantseseko legediaren pean izango da MFA enpresa. Esaten duten bezain konplexua al da administrazio frantsesa?
Beno, desberdina da. Batez ere, zergen aldetik administrazio frantsesa nahiko gogorra da; Estatu frantsesean 35 orduko lan astea dago indarrean... Hego Euskal Herriarekin aldenduta desberdintasunak badaude, jakina, baina ez dira hain handiak. Gainera, ez dezagun ahaztu produktibitatea eta ezagutzaren aldetik nahiko garatuta dagoela herrialdea.
Erakundeek harrera oso ona eta laguntza handia eman dizuetela adierazi duzu. Zein laguntza mota jaso duzue?
Hasiera-hasieratik erakundeek asko bultzatu dute proiektua. Diruz laguntzeaz gain, garrantzizko beste faktoreak ere izan dira, esate baterako, berehala hasteko aukera, guk presa baitugu. Jada industria gune izendatuta zeukaten eta horrek proiektuari segituan ekitea ahalbidetzen du.
Hori izan al zen eskaini zizueten eremu bakarra?
Ez. Baionan eta Maule inguruan ere eskaini zizkiguten lurrak baina instalatzeko prestatu gabe zeuden oraindik eta urtebete baino gehiago itxaron behar zen.
Zenbat diru laguntza jasoko du MFA proiektuak?
Egitasmoaren kostu globalaren %15, Frantziako legeak baimentzen duen gehiengoa. Hego Euskal Herrian askoz laguntza gutxiago daude, gaur egun ez baita garapen eremutzat hartzen eta, horrenbestez, Europatik ere ezin dira laguntzak jaso.
Zer fabrikatuko da zehazki Arberatzen?
Trenbide gurutzaketak egingo ditugu; errail paraleloak gurutzatzen direnean lotura egiteko piezak. Punta-puntako teknologia erabiliko dugu.
Produkzioa egonkortzea espero duzue?
Bai noski. Hiri trenbideak (metroa, tranbia...) gorantz doaz eta merkatu horretan kokatzea espero dugu. Horregatik dugu presa.
Hasieran 43 lanpostu sortzea aurrez ikusten duzue, lau urteren buruan 80ra inguratzeko. Lanpostu kualifikatuak izango al dira?
Gehienak bai. Teknologia berriak erabiliko ditugunez oinarrizko ezagutza eskatu dute baina guk geuk ere prestakuntza egingo dugu zuzenean, Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren parte-hartzearekin.
Laudioko lantegiko langileek nola hartu dute MFA proiektua? Arberatzeko lantegia ez al da lehian sartuko JEZekin?
Hango langileak proiektuaren berri badute. Laudion ez genuen aski tokirik hedatzeko eta 200 km-ren bueltan beste lantegia jartzea erabaki genuen. Arestian aipaturiko arrazoiengatik Arberatze aukeratu da baina hango lantegiko fabrikazioa eta Laudiokoa ez dira lehian izango; osagarriak izango dira.
Garapen iraunkorra oinarritzat hartu duzue. Laudioko JEZen dituzuen arautegi homologatuak eta kalitate agiriak izango al ditu MFAk?
Bai. Lantegia berri-berria izango denez, hasieratik ezarriko dira. Laudion ez bezala, errazago izango da kudeaketari, zerbitzuari, laneko segurtasun eta osasun baldintzei eta ingurumenari dagozkien kalitatezko irizpide guztiak abian jartzea hasieratik. JEZ lantegiak 50 urte ditu eta asko kostatu zaigu agiri guztiak lortzea. Eraikin berria ere inguramenean integratua izango da. Tamaina, koloreak eta abar arretaz zainduko dira begi-eragina ahalik eta txikiena izan dadin. Emisio edo igorpenei dagokienez, berriz, legeek baimentzen duten mailen erditik ez igotzeko konpromisoa hartzen dugu.
«Suspertzeko eremutan dauden nekazaritza lurretan instalatzeagatik laguntza bereziak daude. MFA enpresa han jartzea erabakitzeko hori lagungarri izan da»