GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Bidean da Bilbo ingururako euskara hutsezko telebista

Lakuak udan banatu dituen telebista digitalerako baimenetako bat eskuratu du Ibaizabal Mendebalde kultur elkarteak eta, hala, euskarazko hedabidea sortzeko lanetan dabiltza. Hemendik hamabost hilabetera Bilbon euskarazko telebista izatea espero da.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Orain urtebete pasatxo hasi zen Ibaizabal Mendebalde kultur elkartea Bilbo ingururako euskarazko telebista proiektua lantzen, Hamaikarekin elkarlanean. Uda partean jakin dute Lakuak Bilbo Handirako telebista digitalerako lizentzia esleitu diela eta, hurrengo hilabeteetan, «lana, lana eta lan gehiago» izango dutela ziurtatu du Jabi Lauzurika elkarteko kideak.

«Epeak nahiko murritzak dira, batez ere telebista txukun bat egiteak zer-nolako erronkak izaten dituen ikusita, baliabide teknikoak, pertsonalak, kalitatezkoak...», azaldu du. Hedabideak izango dituen ezaugarrien artean, kalitatezkoa, euskarazkoa, hiritarra eta nazio ikuspegiduna izatea dute xede eta hurrengo hamabost hilabeteetako erronken artean bi nabarmendu ditu: ekonomikoa eta soziala: «Horrelako proiektu handi bat aurrera ateratzeko partaidetza ez ezik ekarpen ekonomikoak ere beharko ditu, autofinantzaketa hobetsi baitugu, eta, bestetik, proiektuaren beraren hedapena dago, ze ezinbestekoak dira Bilbo handian mugitzen diren kolektibo ezberdinen ekarpenak, ideiak, sormenerako gaitasun guztiak. Lekua eman behar zaiela garbi dugu». Alde horretatik, euren ekarpenak egiteko gonbita egin die eragileei: «Abian dagoen proiektua hemendik aurrera geroz eta indartsuago plazaratzeko asmoa dugu eta guztien ekarpenak ongi etorriak izango dira. Denek izango dute tokia, horrelako kontu batean inor ez baitago soberan», ziurtatu du. Hartara, harreman eta ideia-trukeen dinamika batean buru-belarri sartzekoak dira hurrengo hilabeteetan, proiektua biribiltzeko asmoz.

Bilboko euskaldunen isla

Lauzurikaren iritziz, «Bilbon egosten den lapiko horrek» eragina izaten du Euskal Herri mailan eta, hartara, hedabidea bertako euskaldunen isla izatea dute helburu: «Horrekin esan nahi duguna da -zehaztu du- estilo propio moduko hori lortu beharko dugula, hori baita oinarrietako bat, telebista eredu berria eskaintzea». Gauzak markatutako bidetik joanez gero, Bilbo Handirako euskarazko tokiko telebistaren lehenengo emisioek 2009. urteko hastapenetan hasi beharko luketela aurreratu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo