GARA > Idatzia > Arrauna

San Miguel Liga

Amaiera bikaina eman dio Urdaibaik aparteko denboraldiari

Bermeotarrek bigarrenez irabazi dute San Miguel Liga (TKE) eta ospakizun moduan denboraldiko bederatzigarren bandera etxeratu zuten Portugaleten, El Corte Ingles bandera entzutetsua.

p043_f01_148x124.jpg

Asier AIESTARAN | PORTUGALETE

Urdaibaik modu ezinhobean ospatu zuen San Miguel Ligako bigarren titulua. Iaz Hondarribiak egin zuen bezalaxe, bermeotarrek garaipena eskuratu zuten denboraldiko azken estropadan eta 2004an ezarritako marka ondu dute bederatzi bandera irabazita. Gainera, estropada eremuko errekorra ere egin zuten Portugaleteko uretan (19.16.68). Arrazoiak bazituzten, beraz, Bermeon festa egiteko.

Hondarribia oso indartsu irten zen laugarren kaletik, baina Urdaibaik pazientzia handiz eutsi zion gipuzkoarren lehen txanpari. Aurreneko ziabogan parean ziren biak, baina bigarren luzetik aurrera tarteak irekitzen hasi zen Bou Bizkaia. Hirugarren maniobratik aurrera bizkaitarrek abantaila polita hartu zuten, eta lehia Orio eta Hondarribiaren artean ikusi genuen. Azkenean, Haritz Olasagasti patroi gazteak oso ondo gidatuta, bigarren amaitu zuten oriotarrek estropada. Castro, zorigaiztoko lehen kalean erabat itota gelditu zen.

Urdaibaik aurkeztu zuen koadrila hauxe izan zen: Bereziartua, Rodriguez, Polo, Gallo, Arrizabalaga, Zabaleta, Duñabeitia, Portularrume, Zabala, Olazar anaiak, Millares eta Zulaika, Zurinaga patroi zutela. Aipamen berezia Patxi Bilbao entrenatzailearentzat, jende berri asko izan arren, bloke bikaina osatu duelako aurtengo denboraldian.

Azkenik, bigarren txandan berriz ere Zarautz izan zen ontzi azkarrena eta sailkapeneko bosgarren postuan amaituko du denboraldia. Estropada hasieratik hartu zuen aurrea Enbatak eta bikain eutsi zion aldeari. Atzetik, saiatu zen Pedreña nola hala egoerari buelta ematen, baina bigarren kalera sartzeko ahalegina alferrikakoa izan zen.

Arkotek mailari eutsi dio asko, ikaragarri, sufrituta

Bazirudien Arkotek lasai antzean eutsiko ziola mailari larunbatean lau puntu bildu eta kanporaketa bideratuta utzi zuenean. Baina azken segundora arte itxaron behar izan zuten bizkaitarrek mailari eusteko. Azken postuan irten arren, Tiran eta Getaria baino denbora kaskarragoak egin zituzten ziaboga guztietan eta, azkenean, Tiranen eskuetan gelditu zen Plentziakoen etorkizuna. Bizkaitarren zorionerako Moañakoek aurrea hartu zioten Getariari eta, beraz, Arkote (6 puntu) eta Tiran (6 puntu) sailkatu dira datorren urtean San Miguel Ligan arraun egiteko. Getaria azkenean kanpoan gelditu da (4 puntu), nahiz eta denborak kontuan hartuta bi onenen artean egon. Mecos makal aritu zen atzo ere eta maila galdu du. Arkotek mailari eutsi izanari esker, Busturialdeak hurrengo denboraldian KAE-1 Ligan aritu ahal izango du. A.A.

Imanol Cascante ez da Bermeon geratuko

Imanol Cascante arraunlari sanpedrotarra ez da Urdaibain izango hurrengo urtean. Bere erabaki pertsonala izan da. Cascante udaberrian bueltatu zen Bermeora, baina ez du estropada gehiegitan parte hartu.

Castro, egin dituen eskaintzen erantzunaren zain

Agustin Mujika, Joseba Fernandez eta horrelako gizonek Castrotik jaso dituzten eskaintzen erantzunak baldintzatuko du gehienbat datozen egunetan arraun munduko gaurkotasuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo