Artzainen lana plazaratzeko eta aitortzeko besta egin dute Amurrion hamaseigarrenez
Latxa ardi ikusgarriak, gazta zaporetsuak, txakurren erakustaldiak eta anitzez ere gozagarri gehiago izan ziren Amurrion, artzainei eskainitako egunean. Gasteizek, aldiz, lehenbiziko pottoka lehiaketa hartu zuen.
GARA |
Artzainen lana hurbiletik ezagutzeko aukera izan zuten atzo amurrioarrek eta Nerbioi ibaiaren ertzeko herri horretan izan ziren bisitariek. Bertatik bertara ikusi zituzten gazta egiten eta ardiei ilea mozten -era tradizionalean eta Zeelanda Berrian egiten duten moduan-. Hainbat lehiaketarako tartea ere izan zen goizean: latxa arrazako ardien hamaseigarren probintzia arteko txapelketa egin zuten, baita Idiazabal Jatorriko Izendapena duten gazten hirugarren lehiaketa ere, Ruperto Casanuevaren ohorez.
Artzainen eta abeltzainen topaleku izan ohi da besta hori, eta egiten duten lana kalean ezagutarazteko eta aitortzeko abagunea ematen du. Aitzineko urteetan bezala, artzaintzan aritzen diren Arabako herritarrak omendu zituzten. Macario Martinez de Alegria Apellanizkoa, Jose Luis Bengoa Muruakoa eta Juanjo Uzkiano eta Rosario Garcia Lexartzuko bikotea zehazki. Bizi osoa daramate horiek ardiekin lanean.
Ez zen aspertzeko astirik Amurrion. Ardi latxaren esne gordinarekin egindako gaztak eta hauen osagarri batzuk eros zitezkeen, etxekoak denak -ardoa, sagardoa, ogia, eztia eta baratzeko produktuak-; esne-kontrola egina duten ardi onenak, argazkiak, nekazaritzako makinak eta artisauen lanak zeuden ikusgai; herri kirolak eta haur jokoak izan ziren, eta txistulari banden bosgarren bilkura ere bai.
Bazkaldu aitzinetik ahoa gozatzeko modua izan zuten herritarrek; ardi latxaren haragia eta animalia horretatik eratorritako produktu berriak dastatu ahal izan zituzten, ardikia eta gazta zaharra hain zuzen ere. Hiruretan, jakiz betetako mahaiaren bueltan elkartu ziren Artzain Eguneko parte-hartzaileak eta laguntzaileak.
Arratsaldeko seietan, hamabigarren artzain txakur lehiaketa hasi zen, Justo Furundarenaren oroimenez urtero egiten dena. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako txapeldunak eta txapeldunordeak aritu ziren norgehiagokan, herriko igerilekuen ondoko zelaian.
Bestalde, Garrastatxun (Baranbion) artzainen bilkura egin zuten larunbatean. Arabako langileez gainera, zamorarrak ere hurbildu ziren, komunean dituzten arazoei buruz mintzatzeko eta irtenbideak bilatzeko asmoz. Gaztela eta Leongo probintzia horretan zein zailtasun dituzten azaldu zuten, gazta ekologikoa nola ekoizten duten, baita Sierra Salvadako artzaintza nolakoa den ere.
Lehen pottoka txapelketa
Gasteizen, Mendizabalako gunean, Euskal Herriko lehendabiziko pottoka lehiaketa egin zuten atzo, 10.00etan hasita. Epaileek animalien itxura fisikoa izan zuten kontuan, baita beren gaitasunak ere.
Euskal Pottoka Elkarteak antolatu zuen ekitaldi berri hori, erakunde publikoen eta Euskal Aberearen laguntzaz. Haurrentzako jolastoki bat ere prestatu zuten eta neska-mutikoei abere txiki hauen gainean ibiltzeko aukera eman zieten.
Macario Martinez de Alegria Apellanizkoa, Jose Luis Bengoa Muruakoa eta Juanjo Uzkiano eta Rosario Garcia Lexartzuko bikotea omendu zituzten Amurrion. Bizitza osoa daramate artzaintzan.
Jende ugari elkartu zen Gasteizko Mendizabalako gunean, ekitaldi berri bat zegoelako bertan ikusgai, Euskal Herriko lehenbiziko pottoka lehiaketa. Euskal Pottoka Elkarteak antolatu zuen.