GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ZEGAMA-AIZKORRI MENDI MARATOIA

Inurriek guztia konkistatu zuten eguna

Zegama-Aizkorri Mendi Maratoiaren seigarren aldia ospatu zen atzo goizean. Bada, «ospatu» hitza erabili behar da, jaialdi bikaina izan baitzen, bai korrikalarien bai ikusleen aldetik. Etengabeko mugimendua, esfortzua eta oihuak izan ziren atzo nagusi, itzelezko inurritegi bilakatuz Zegama.

p002_f01_250x108.jpg

Arnaitz GORRITI

Zegamako helmuga zain dago. Ordubata jotzear dago eta, nahiz eta jakin ezingo dela hautsi Rob Jebbek 2005ean egindako errekorra, jakina da lau orduz azpitik egingo dutela bi lehenengoek. Alde batetik, Kilian Jornet Lleidakoa, datorren hilean 19 urte egingo dituen gaztea, atzora arte, egin dituen hiru mendi maratoiak irabazi dituena. Bestetik Raul Garcia Segoviakoa, biak ere mendi maratoien Munduko Kopa irabazteko hautagaietakoak. Aizkorrin ia minutu bateko aldea zekarren kataluniarrak. Hala ere, espainiarrak jaitsieran asko sakatu zuen eta ia orpoz-orpo iritsi ziren Zegamara.

Helmuga jendez leporaino zegoen, megafoniak zioena adi entzuten. Hunkigarriagoa zen, baina, herrian zegoen ikusmina. Hesiak jendez beteta zeuden eta ondoren zeuden zaleei korrikalariak bazetozela abisatzeko pasa-hitza erraza da asmatzen: hesiak jotzen zituzten, txaloak... garrasiak inurritegi sakon baten barrunbetik legez hazten ziren. Kilian Jornet eta Raul Garcia bata bestearen segidan zetozen, Zegama osoaren garrasien laguntzaz. Lautik lau gaztearentzat, eta Munduko Kopa. Eta 3.56:59ko denbora, gaztelarra sei segundora. Eta txalo zaparrada ikaragarria.

Hala ere, Zegamako giro bikaina ez zen eguerdian sortu, goizean goiz baizik. Bederatziak aurretik, parte-hartzaileak kezkatuta zeuden: «egun hezea egin zuen bezperan eta behelaino handia zegoen Aizkorrin. Lokatza egon liteke bidean eta igoeretan ez ezik, argi ibili beharko da jeitsierekin», zioen Huescatik etorritako Javier Sanagustin korrikalari herrikoiak. Azken orduan ez zen aterako lasterketan. «Kuadrizepsak ez ditut jeitsierei aurre egiteko eta berotzen ari nintzela zaintiratua sentitu dut. Amorrua ematen dit, baina hobe dut ez atera».

Ricardo Mejia iazko irabazlea falta zen. Azken orduan min hartuta -bere eskutitz batek animoak eman zizkien bere kideei- Munduko Kopako buru Tofol Castanyer balearra eta Jessed Hernandez Lleidakoa ez omen zeuden topera. Euskaldunen artean, Zuhaitz Ezpeleta Legazpin bizi den arrasatearra nahiko ezkor azaldu zen.

Hasi aurretik, Fernando Garcia, 2003an irabazle eta su-hiltzaile lanetan hil zen madrildarra, txalo zaparrada baten bitartez omendu zuten. Elizako ezkilak bederatziak jotzean, eutsi ezinezko marea abiatu zen, Zegamari itzulia eman eta Otzaurtera bidean. Herrian bilduriko jendea -autoz asko eta asko, oinez beste makina bat- ibilbide malkartsuetan lekua hartzera joan ziren.

Mundu mailako izaera

Aldapako leku estrategikoetan jende andana bildu zen lasterketako parte-hartzaileei harrera egiteko eta animoak emateko. Behelainoak Aizkorri gainera jende gutxiago animatu zuen. Bestetik, jarraitzaile kopuru handiena «Santu Espiritu» baselizaren inguruan bildu zen.

Harritzeko beste jende zegoen goizeko hamarretarako, bitartean hamarretakoa eginez -berton banatua edo norberak ekarria- korrikalariak nondik nora zebiltzan galdetuz, ingurutik pasatzerako lekua hartzekotan.

Baina zer da ba kazetari bat edo beste harritzea, Altuerako Kiroletako Federazioko presidente Marino Giacometi ere zur eta lur eginda zegoen. «Iaz etorri nintzen aurrenekoz, Zegama Aizkorri Munduko Kopako azken frogatzat ezarri edo ez erabakitze aldera. Ikusgarria da benetan, bai ibilbidea, bai antolakuntza, Baina, batez ere, herritarren lanak eta zaleen animoek damaiote froga honi mailako izatea».

Inurri aldra etengabea sortzen zen behelainotik, Sigourney Weaverren gorilen antzera: amaigabe eta arranditsu. Seikote bat aurretik zetorren, faborito guztiekin.

Alabaina, kontua ez zen faboritoa edo kuttuna: animoak denei iristen zitzaizkien. Balear Irletako Tofol Castanyerrek helmugan hala aitortuko zuen: «lagunak zerbait esaten ari zirela ikusten nuen, baina halako zarataz ez nekien zer zioten». Zuhautz Ezpeletak ere antzera egin zuen berba. «Pultsazioak ikaragarri azkartzen zaizkizu halako jende pila animatzen ikusita. Kontuz ibili behar izaten da orduan, larregi sakatuz gero, horrek ordaina izan dezakeelako.

Guztiak irabazle azkenean

Igoera bezala, jeitsiera ere garrantzitsua da, nola lasterkarientzat hala zaletuentzat. Azkar ibili ezik, aurrenekoak helmugara iritsi daitezke norbera baino lehen, 4 ordutik beherako denboran.

Helmugan txaloak dira, sartzen diren guztiei diosala, eta agurrak eta eskerrak sartzen diren guztien partetik. Airean dabiltza senyerak, Balearretako banderak... Bereziki itzelak dira Ionut Zinka Gasteizen bizi den euskaldun-errumaniarrari eskainitako txaloak, ikurrina eskuan dela sartu baitzen. «Horrela sartzen naiz beti helmugara, Euskadiko selekzioarekin korritzen dudanez gero, euskaldun sentitzen bainaiz. Atsegin izango nuke behin edo behin euskaldun nazionalizatzerik banu», esan zuen.

Azken buruan, esperientziaren ahotsa kontsultatuta, Paco Iriondo, Euskal Herriko Mendi Federazioko ohorezko presidenteak -irteerako zinta ere berak ebaki zuen- harro hitzegin zuen atzoko egunaz.

«Indar handia hartu du lasterketa honek. Zorionez, Munduko Kopa honetako azkena zen eta, ondorioz, horrek jende gehiago erakarri du. Bestetik, antolakuntza hau ez da edonon ikusten; baina hori ez diogu guk, partehartzaileek baino. Hainbeste jende sekula ez dute ikusten eta, halako tratu ona jasotzeak `pilak kargatzen' dizkie eta, ondorioz, dena ematen dute. Nik uste, korrikalariengandik halakoak entzunda dena dagoela esanda».

Angela Mudgerentzat emakumeen munduko Kopa eta Zuhaitz Ezpeletarentzat Euskal Herrikoa

Iaz ez bezala, ez zen irabazle izan Angela Mudge eskoziarra emakumeen artean, Corinne Favre frantsesak aurre hartu baizion. Hala ere, Mendi Lasterketen Munduko Kopan emakumetan txapeldun izan zen, Favre eta Andorrako Stephanie Jimenezen aurretik.

Aizkorritik eskoziarra pasa zen aurretik, baina Favrek atzetik aurrera latz egin zuen eta Andraitzera igoeran hatzeman zuen Mudge. Ez hatzeman bakarrik, atzean utzi ere bai. Mudge beheraka ahalegindu zen, baina eroriko batek aukera guztiak kendu zizkion. Hala, bigarren lekua bermatuta, sailkapen orokorra zaintzera mugatu zen.

Euskal Herriko Kopa, berriz, Zuhaitz Ezpeleta gipuzkoarrak eraman zuen. Jornet, Garcia, Hernandez eta Castanyerrrekin batera, Fernando Etxegarai nafarrarekin, aurrera egin eta Aitxurira bidean atzean laga zuen beratarra. Hala, lasterketako podiuma bete zuen arrasatearrak, hirugarren heldu baitzen Zegamara. A.G.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo