OBITUARIO (Ricardo Ederra)
Euskararen eta euskal irakaskuntzaren aldeko militantea
GARA
Euskararen eta euskal irakaskuntzaren alde etengabe lan egin zuen Rikardo Ederra. Joan den larunbatean zendu zen Otsobin. Iruñerria aldeko herri txiki horretan jaio zen Ederra orain dela 48 urte eta bertan eman zuen bizitza gehiena.
Magisteritza ikasketak burutu zituen eta lizentziatu ondoren buru-belarri sartu zen klaseak ematen. Nafarroako Eskola Publikoan «D» ereduan ikasteko aukera egon zenean klaseak ematen hasi zen lehen irakasleetarikoa izan zen.
Hastapen horietan oinarrituz eta sormen handiko pertsona zenez, Sortzen-en bultzatzaileetariko bat izan zen. Euskarazko irakaskuntzaren defendatzaile sutsua zen eta horregatik gurasoak eta irakasleak antolatzeaz arduratu zen Nafarroako egoerari aurre egiteko.
Koordinatzaile lana burutu zuen Sortzen-en eta EAEko Ikasbatuaz-ekin batuketa eman zennean Nafarroako koordinatzaile geratu zen. Sortzen-en barruan egin zen «Euskeraz mintzo» egitasmoaren sustatzailea izan zen, beren helburua eskolatik kanpo euskara maila igotzea zelarik. LAB sindikatuko irakaskuntza arloan ere aritu izan zen.
Baina osasun aldetik ez zebilen batere fin eta arazo larriak zituen aspalditik. Hori dela eta, goiz utzi behar izan zion lan egiteari. Aurrejubilatu gazteenetariko bat izan zen bere garaian erabateko ezgaitasuna eman baitzioten, baina ez zen oztopo izan euskara eta euskal irakaskuntzaren alde lanean jarraitzeko. Rikardo Ederra ez baitzen etxean gelditzen den horietakoa eta egunero aritzen zen zerbaitetan lanean.
Eskolaz kanpoko ekintzetan euskararen presentzia ahultzen zegoela ikusi zuen eta horregatik Dindaia fundazioa sortu zuen. Ekimen berri horren asmoa eskolaz kanpoko jardueretan monitore euskaldunen maila egokia izatea eta kalitatea eskaintzea zen. 0 eta 3 urteen arteko udal haurtzaindegiak pribatizatzen ari zirela ikusirik, bertan ere sudurra sartzen saiatu zen, behintzat euskara bermatua izan zedin.
Euskararekiko zuen konpromisoa eguneroko bizitzan ere erakutsi zuen eta horrela Nafarroan euskaraz ezkondu zen lehena izan zen.
Erosi zuen azken etxea ere euskaraz eskrituratu zuen eta asko borrokatu ondoren, lortu zuen onartua izatea.
Politika arloan ere aritu izan da. Ezker abertzaleko militantea izaki 2003an Nafarroako parlamentura AuB taldeak aurkeztutako zerrendetan joan zen, baina Alderdien Legeak legez kanpo utzi zuen.
Gaur, 11.30ean egingo diote lehenengo agurra Rikardo Ederrari beren sendi eta lagunek Iruñeako hilerrian. 17.00etan berriz, omenaldia egingo diote Otsobin.