Aizkora
Latasak merezitako omenaldia jaso du
Jon LEUNDA | SUNBILA
Egun dotorea izan zen herenegungoa Sunbillan. Latasa zenari onenaldia egin nahi izan zioten, eta horretarako herrian eskultura bat jarri zuten, eta 100 aizkolaritik gora batu ziren adin eta maila ezberdinetakoak.
Eguraldiak sortu zuen kezkarik handiena, baina horrek ere Latasari errespetu handia ziola erakutsi zuen. Inguru guztian euria ari zuen, baina Sunbillan ateri, aizkolarien saioa amaitu arte, berak ere omenaldia eskaini nahi izango zion.
Goizeko hamaiketan hasi ziren ekitaldiak, eta plazan eskultura handi bat ezarri zuen. Urte batzuk pasatu dituzte aizkolaria zenaren liburua saltzen herriz herri, eskultura hori egin ahal izateko, eta merezi izan du, dotorea eskaini baitiote. Aizkolari guztiak enborren gainean jarri, eta aizkorak goian zituztela ireki zuten eskultura, eta hantxe geratuko da.
Bertsolariak ere aritu ziren kantuan, eta ondoren heldu zen aizkolarien txanda. Horretarako 100 aizkolari baino gehiago batu ziren. Denak batera ere ezin ziren jarri, eta bost lehiaketa ezberdin antolatu zituzten. Gaztetxoena, gazteena, bigaren mailakoena, lehen mailakoena, eta beteranoena. Agian horrek piztu zuen ikusminik gehien, izan ere gainerakoak gaur egun plazetan ikusteko aukera handia baitago, baina orain dela urte batzuk onenak izan ziren horiek ikustea ez da batere lan samurra, eta horrelako egunak izaten dira berriro ere enborraren gainean jarri eta ikusteko parada.
Antolakuntza bikaina
Horrelako saioa antolatzea ez da batere samurra, baina Sunbillan bikain antolatu zuten, eta dena primeran joan zen. Irabazleen artean, berriz, Nazabal eta Vicente izan ziren nagusi. Etxarrikoa onena izango da orain, eta horrelako lehiaketetan ere nabarmendu egiten da. Arrospide-Ugarteburu izan ziren bigarren, eta Peñagarikano-Etxeberria hirugarren.
Bigarren mailan, berriz, Mujikak eta Altzok osatutako bikoa izan zen onena. Bigarren, Zubiaga-Olabarria sailkatu zen eta hirugarren, berriz, Erdozia-Arruti.
Beterenoen mailan, berriz, Gorriti anaiak izan ziren onenak. Bikondoa-Goñi, Mikel Goñi pilotariaren aita, sailkatu ziren bigarren postuan, eta hirugarrengoan, berriz, Arria II.a eta Flores.
Gazteetan, Rekondo eta Saralegi gailendu ziren. Atutxa II.a-Mikelarena eta Mugertza II.a-Jauregi izan ziren bigarren eta hirugarren sailkatu zirenak, hurrenez hurren.
Gaztetxoak gutxi ziren, eta banaka neurtu ziren. Saralegi izan zen azkarrena, Erasun II.aren eta Vicente II.aren aurretik.