GARA > Idatzia > Zinema

Diktadurak Uruguaitik Euskal Herriratutako familia baten istorioa

Maiana Bidegainen «Secretos de lucha» dokumentala barne barneko lan baten emaitza da. Uruguaira emigratutako diasporaren istorioa da. Aita, Mauletik Uruguaira joan zen. Jean Paul semeak kontrako bidea egin zuen. 1973an, Uruguaiko diktaduraren atxilotze, tortura eta heriotza mehatxuek, Baionara eraman zuten apaiz sindikalista hau. Istorio hau, Jean Paul Bidegain, Maianaren aitaren istorioa da. Atzo Biarriatzeko jaialdian aurkeztu zuten.

p070_f01_203x116.jpg

Eneritz ZABALETA | BIARRITZ

Dokumental hau, sekula atera gabe gerta zitekeen. Are gehiago, lan hori egiteko ideiak, Maiana Bidegain zuzendariaren burutik ez zuen pasatu behar izan ere. Kasualitatez etorritako lana da. Izan ere, familia bakoitzean, sotoko txoko ilun batean gordetzen diren istorioetako bat da hau. Iraganeko zauri zahar eta ezkutuak, hurrengo belaunaldiei ezkutatzen zaien horietakoak. «Nik txikitan banekien Uruguaiko diktaduratik ihesi joan zirela nire aita eta izeba Euskal Herrira. Baina haien bizipenei buruz ez nuen ideia zipitzik ere» aitortu zuen Maiana Bidegain, dokumentalaren egileak.

Baina bizitza honetan ezer ez da kasualitatearen emaitza izaten. Batzuetan, urte luzez itxirik gelditu diren sotoko ate ilunak ireki, eta zauri zaharrak berriz azaleratzen dira: «22 urte nituela, Beskoitzen bizi den nire izebarekin solasean hasi nintzen. Diktaduran gertatutakoari buruz hasi ginen hizketan. Bat-batean, nire aitak hura bezala torturatua izan zela aitortu zidan. Hortik aitzina sortu zitzaidan jakinmina eta dokumentala egiteko gogoa», erantsi zuen Maianak.

Egun horretatik, filma Biarrizko jaialdian aurkeztu den egunerarte, lau urte pasatu dira. Lau urte, 1970 hamarkadako Uruguai, artxibo eta liburuen laguntzaz ezagutzeko. Lau urte, aita, izeba, osaba... elkarrekin batu ahal izateko. Lau urte, bakoitzari iraganeko zauriak irekitzea eskatzeko: «Hasieran, ez zuten ulertzen zergatik elkarrizketatu nahi nituen. Haiek heroiak ez zirela erraten zidaten. Orokortasunetan gelditzen ziren. Nik gehiago jakin nahi nuen, nire familiak bizi zuena jakin nahi nuen». Denborarekin, itxita gelditu ziren ahoak irekiaraztea lortu zuen Maianak. Hainbeste urtez isilpean gelditu zen istorioa berridazten hasi zen: «Bi bidaia egin nituen Uruguaira. Lehena 2002an izan zen. Familia guztia elkartu ginen nire osaba-izeben urrezko ezteiak ospatzeko. Hor hasi nintzen elkarrizketa batzuk osatzen. Bigarrena, Azken bi urteetan egin nuen» erran zuen Maiana Bidegainek.

Beldurrak gainditzen

Aitaren, izebaren, osabaren... hitz bakoitza, bizipen bakoitza, Uruguaiko diktadurako urte beltzenetara hurbiltzera eraman zuten Maiana. Lehenik, izeba Tupamaros Uruguaiko ezkerreko gerrillaren kidea deskubritu zuen, ekintzak burutzen eta koktel molotoffak jaurtitzen. Gero, aita, apaiz izatetik, azukre kainaberako langile izatera pasatzen ikusi zuen. Lantegiko kide sindikal garrantzitsu bat bihurtzeraino.

Pixkanaka, hasierako harridurak baretu, eta zauri urrunen mina azaleratzen hasi zen. Aita atxilotua, izeba ere, osaba berdin. Torturak, umiliazioak, heriotza mehatxuak, exekuzio faltsuak... «Beldur anitz gainditu behar izan ditugu denok. Nire familiakoek, iraganeko zauriak irekitzeko beldurra gainditu behar izan dute. Nik, aita, izeba eta gainerakoen sufrimendua kudeatu behar izan dut. Batzuetan haien isiltasuna onartu, eta haien sufrimendua errespetatu», erantsi zuen Maianak.

Dokumentalaren une hunkigarrienetarikoa, alabak haren aita torturatu eta kasik erahil zuen militarrarekin izandako elkarrizketa da: «militar hori nire aitaren eskola berdinean ibili zen. Hark torturatu zuen, pistola burugainean jarri». Militarra elkarrizketatu zuen, eta aitari entzunarazi elkarrizketa: «Aita militarrei barkatzeko prest zegoen. Baina entzutean militar hura, erahiltzeko hurbil egon zena, erranez egin behar zuena egin zuela, barkamena ematea ezinezko ikusi zuen». Aitaren zaurien bitartez, ilunpean zegoen iragana azaleratu du Maiana Bidegainek. Hari, aita, izeba, osaba, nor diren hobeto ulertzeko balio izan dio dokumentalak. Ikusleari, Uruguaien diktadurak eragindako sufrimenduen begirada pertsonala jasotzeko. Begirada hurbil eta hunkigarria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo