GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Marije Fullaondo eta Pernando Barrena Batasuneko mahaikideak

Ikasturte berri... on?

Euskal Herriaren garapenaren ikuspegitik panorama latza dugu herritarren hezkuntza administrazioen eta horiek kudeatzen dituzten alderdien esku uzten badugu Ezker abertzaleak euskal hezkuntza ezkerretik eraikitzeko alternatiba osatu du. Hezkuntza Sistema Nazionala ezkerretik eraikitzeko proposamen orokorra dauka mahai gainean

Hala agurtu genuen elkar, abuztuko oporrak pasatuta, indarberrituta, hezkuntza eremuko lanari ekiteko plangintzari azken ukituak emateko bildu ginen lagunek: «Ikasturte berri on!». «Hala bedi!». Baina, panorama aztertzeari ekin eta hasierako agurrari harridura ikurra erortzen hasi zitzaion eta bilkura bukaerarako galdera marka bihurtu. Ikasturte berria bai, baina... ona?

Ikasturtea hasia dago jada Euskal Herrian unibertsitatez kanpo ari diren 430.000tik gora ikaslerentzat. Baina zaharrak berri. Euskal Herriko hezkuntzaren azaleko argazkia eginez ere, honako panorama hau agertzen zaigu:

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan Parisen erditutako Eskola Gutunaren ezarpenarekin hasi dute ikasturtea. Hezkuntza komunitate osoaren gaitzespena jaso duen dokumentu horren bidez, besteak beste, hainbat eta hainbat hezkuntzako langileren postuak desagertu egingo dira eta, ohi bezala, eragin berezia izango du hezkuntza euskaldunean ari diren irakasleen artean. Hezkunde Nazionalak, hitzez, irakaskuntza euskalduna laguntzeko ahaleginak egingo dituela dio; ekintzez, ordea, horretarako beharrezkoak diren bitarteko gehiago ezarri ez eta dauden apurrak murriztu egiten ditu. Aurten ere, urtero bezala, euskaraz ari den irakasleria ez da nahikoa hezkuntza euskaldunak dituen beharrei behar bezala erantzuteko. Gauza bera gertatzen da horretarako beharrezkoak diren bitarteko curricular eta pedagogikoekin; noski, Parisen osatutako programa -curriculuma- inposatzen baita.

Nafarroa Garaian, berriz, Madrilen egindako Hezkuntzako Lege Organikoa (LOE) ezarriko dute, goitik behera, ikasturte berrian. Horretarako Euskal Herriari eta euskal kulturari erreferentzia txikiena ere egiten ez dion curriculum espainol erregionalista osatu dute, horrenbeste hauts harrotu dituen «hiritartasunerako hezkuntza» barne; finean, euskal gazteak herri honek onartu ez zuen espainiar Konstituzioaren baloreetan heztea helburu duena. Horrekin batera, Nafarroako Foru Gobernuak euskararen kontrako gurutzadari indar berriz heldu dio: A eta G ereduak indartu eta -Gobernuaren asmoen kontra ere gora ari den- D eredua erabat ahultzeko asmoz, British eredua jarri dute abian. Haur eskoletatik hasita, ingelesaren aldeko apustua egin nahiago du Nafarroako Gobernuak lingua navarrorum-ari hausporik txikiena eman baino.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, aldiz, LOE ez omen dute ikasturte honetan ezarriko; edo ez bere osotasunean, behintzat. Horrek ikasturtearen bukaerarako erabateko definizioa izango duen Euskal Curriculumaren aplikazioari bide emateko egiten dela pentsatzera eraman gaitzake. Baina LOE bera eta LOEri jarraiki osatutako curriculuma aplikatuko dute; izan ere, dagoeneko, irakasleria Madrildik inposatutako lege horretan eta bertatik eratorritako curriculumean formatzen ari dira. Bestalde, euskararen normalizazioa helburu duen hezkuntza eredu berria iragarri zuen Gasteizko Hezkuntza Sailak joan den ikasturtean. Gaur gaurkoz ez daukagu eredu horren inolako zehaztapenik; bai, ordea, matrikulazio datuak: aurten Haur Hezkuntzako ikasleen %30k baino gehiago ez dute euskaraz jakingo 16 urterekin.

Euskal Herriaren biziraupenaren eta garapenaren ikuspegitik, beraz, panorama latza dugu gure herritarron hezkuntza administrazioen eta horiek kudeatzen dituzten alderdien esku hutsetan (UMP, UPN/CDN eta PNV/EA) uzten badugu, behintzat. Alor horretan, berdin jokatu dute alderdi abertzale omen direnek eta estatalistek.

Baina, zorionez, Euskal Herriaren garapena abiapuntu eta helburu duen herri mugimendua eta mugimendu soziala indartsua da eta ondo daki gure herriaren biziraupenerako eta Eus- kal Herriko herritar gisa dagozkigun eskubideak bermatuak izateko marko berri bat behar dugula, marko demokratikoa, non euskal herritarron hitza eta erabakia errespetatua izango den, baita hezkuntza eremuan ere, Hezkuntza Sistema Nazionala eraikiz.

Hala, dinamika eta ekimen sozialari esker, gure Hezkuntza Sistema, egunez egun, proiektu zehatzen bidez ari da eraikitzen. Hortxe ditugu, egungo markoa gaindituz, Euskal Herriko eskola guztiak euskalduntzearen aldeko mugimendu indartsua, ikasturte honetan bertan bukatuko den eta Euskal Herriko eskola guztietan aplikagarri izango den Euskal Curriculuma, euskal herritarron eskubideetan oinarrituz euskal publikotasunaren eredua definitzen duten Oinarrizko Hezkuntza Akordioa eta bertatik eratorriko den Elkargunearen kontzeptua, Euskal Unibertsitatea sortzeko proiektua...

Horiek guztiak herri ekimenez ari dira osatzen, herriaren eta herritarron hezkuntza eskubideak bermatuak izan daitezen; euskalgintza eta hezkuntzako eragileen eskutik batzuk, Nazio Garapenerako Biltzarretik besteak, herritar eta eragile anitzen babesarekin... Herri gisa pentsatuz eta arituz osatuak. Horregatik ezker abertzalearen bultzada osoa dute.

Baina horiek bultzatzeko konpromisoarekin batera, Euskal Herri independente eta sozialistaren perspektiban, ezker abertzaleak euskal hezkuntza ezkerretik eraikitzeko alternatiba osatu du. Hezkuntza Sistema Nazionala ezkerretik eraikitzeko proposamen orokorra dauka mahai gainean eta, horrekin batera, zenbait hausnarketa berezitu ere burutu ditu azken ikasturtean, hainbat proposamen osatuz, bai hezkuntza euskalduntzeko, bai haur hezkuntzaren inguruan, bai eskola txikien gainean... Denak proposamen irekiak eta, gaurtik hasita, Euskal Herria aintzakotzat duten herritar eta eragile guztiekin partitu nahi ditugunak, ikuspuntuak partituz, elkarlanerako eremu eta guneak topa ditzagun; elkarrekin adostutako proiektu komunak aurrera eramateko bideak bila ditzagun. Ezker Abertzalea gertu dago lan horretan bidaideak aurkitzeko eta hori izango da gure helburuetako bat. Euskal hezkuntza gure esku dago. Lan ugari dugu aurrean, beraz... ikasturte berri on!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo