GARA > Idatzia > Kultura

Gari esperantzara kondenatua dator eta plaza erdian hari so mututuko dira denak

Norabidez aldatu eta bizimodu berri bati ekin zion Garik aurreko lanarekin, zerotik hasita. Ildo beretik jarraitzen du honakoarekin, molde arras ezberdinekoa bada ere, esperantzara kondenatua.

Anartz BILBAO | BILBO

Irailaren 22an GAUR 8-ri emandako elkarrizketan «beste bat naiz» zioen Garik. Eta nabari da, bai. Legazpiarrak «Esperantzara Kondenatua» aurkeztu zuen atzokoan Bilbon, jakinminez mukuru betetako SGAEren aretoan. Plazagizon trebea da Gari, eta naturaltasun osoz, mantso eman zigun gogobeteta utzi eta inoiz egin duen lan borobilenaren berri.

Aurreko diskoak «O-tik» (Elkar, 2004), ildo berri bat jarri zuen abian Gariren musikagintzan. Berriak, mantsoagoa den ildo horri eusten dio, aurrekoarekin zerikusi gutxi duen arren, musikalki zein jarrerari dagokionez. Denboraldi batez galduta ibili ondoren, funtsezko aldaketak bizi izan zituen artistak eta mementuko testuinguruari erantzuten zion hark, izenak zioen legez hutsetik abiatuta.

Oraingoan berriz, hurbilekoagoa du lana eta hasieratik bukaerara bere esku izan du prozesu osoa. Hizkuntzari dagokionean, kanta bakarra dakar gazteleraz, diskoa ixten duena. Biluzi eta homogenoagoa, erraietatik sortutako rock trinko, mantso eta malenkoniatsua dirudienak badu bere distira eta baikortasuna. Buru-belarri murgildu da lan berri honetan egun Bilbon bizi den kantaria, buruan zituen musikariekin grabatuz eta testugileekin hurbiletik lan eginez. Ordu luzeak eman ditu azken hauekin paseoan, mintzen edo ilusionatzen dituzten gauzez solasean.

Sentimenduak papereratu

Testu ederrak erabili ohi ditu Garik. Sentimenduak hitzez azaltzeko duen zailtasunak eraginda jotzen omen du langintza horretan trebeak diren lagunengana baina aurrerantzean kantak berak idatzi nahiko lituzkeela azaldu zigun atzokoan. Disko honetan, aspaldiko kide dituen Jon Benito eta Jon Maia izan ditu laguntzaile, ohi legez. Baita duela gutxi ezagutu duen J.L. Padron eta Roberto Moso adiskidea ere. Padron izugarri gustatzen omen zaion herrikidea du, duela gutxi ezagutu duena. Besteak beste, berea du diskoari izenburua ematen dion kantua. Mosok diskoa ixten duen kanta idatzi zuen, gazteleraz ageri zaigun bakarra. Bitxikeria gisa, bakarka egin dituen lan guztietan Mosok parte hartu duela aipatu zuen Garik irribarrez.

Artelanari dagokionez, Alberto García Alix madrildar erretratu gile ospetsua arduratu da argazkiez, azal deigarria lortuz.

Egun, Bilbon taldea osatu eta zuzeneko bira prestatzen ari da legazpiarra. Azaroaren 16an Gasteizko People areto berrian egingo du debuta, gero Iruñeako Gayarre antzokian (azaroak 18), Durangoko Plateruenan (azaroak 30) eta Bilboko antzokian aritzeko (abenduak 13).

Bideo, argazki eta bitxikeriak, «www.gari.tv» atari berrian.

Galtzekorik gabe, esperantzara kondenatua

Bosgarren lana du «Esperantzara Kondenatua» (Elkar, 2007) legazpiarrak bakarlari. Aurtengo ekain eta uztail bueltan Lorentzo Records (Berriz) eta Elkar (Donostia) estudioetan grabatua, Aitor Ariño eta Jean Phocas izan ditu diskoak teknikari.

Artistak berak Fran Iturberekin batera ekoitzitako lanean K. Arancegui (bateria), D. Gonzalez (baxua) eta Iturbe bera (gitarra) izan ditu musikari. Laguntzaile gisa berriz, Ines Osinaga eta Ivan Ferreiro ahotsetan. Hitzetan, J. Benito eta J. Maiaz aparte, J.L. Padron herrikidearen eta R. Mosoren testuak erabili ditu eta argazkiez A. García-Alix arduratu da.

A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo