GARA > Idatzia > Kultura

Desberdintasunak antzerkiaren bidez berdinduko dituzte Heletan

Eneritz ZABALETA | BAIONA

Laugarren urtez, Traboules konpainiak antzerkia baliatuko du, antzerki tropa «ohikoak» eta konpainia «atipikoak» gurutzatzeko Poteo Atipikoa antzerki jaialdian. Antzerkiaren bidez, gaur hasi, eta urriaren 2ko aste osoan, ezintasun psikologiko edo fisikoz osatutako antzerki tropak, eta aktore «ohikoz» osaturikoak elkarrekin lanean ezarriko ditu Traboulesek, ikusgarria antola dezaten. Aurtengo edizioa, orain aste batzuk zendutako Daniel Quimes Lucioles teatroko kidearen omenez eginen dute.

Gaur hasiera

Gaur gauean, 20.00etatik aitzina, lehen aldiz Heletatik Baionara deszentralizatuko du jaialdiaren ikusgarria Traboules konpainiak. Izan ere, bertan Nicolas Philibertek hospital psikiatriko batean antzerki tropa batek egindako lanari buruzko «La moindre des choses» filma ikusgai izango da Atalante zineman.

Poteoak Baionan egingo badu ere, bihotza Heletako herrian izango du beti. Aste osoan, artista «atipikoak» eta «ohikoak» elkarrekin lanean ariko dira, Heletan antolatuko diren tailer praktiko eta artista egonaldietan. Parte-hartzaileen artean, urte osoan zailtasunetan dauden publikoekin lanean dabiltzan Lucioles teatroa, Fleurs de peau teatroa, Ali Fekhi aktorea, edo Traboules abesbatza daude. Aipatutako azken horiek, «ohiko» antzerkigile, musikari, kantari, eta oro har, artistekin bilduko dira. Denek elkarrekin, ikusgarria egingo dute Heletan larunbatean, urriak 6an. Aste osoko elkar trukatze eta aberasteen uzta 18.30etatik aitzina jasoko da.

Aste osoan ere Heletako artista egonaldi eta tailerretako partaideek hainbat obra aurkeztuko dituzte. Hamaiketakoak, afariak, eta mota horretako topaketak ere antolatu dituzte, bertako biztanleak lanean jardungo duten artista guztiekin harremanetan jartzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo