GARA > Idatzia > Euskal Herria

LABen aburuz Hezkuntza Sailak erdaldun gehiago egingo ditu finko

GARA |

Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak «euskaldundu gabeko irakasle gehiago funtzionarizatu nahi ditu», LABek esan duenez.

Joan den asteartean, Hezkuntza Sailak datorren ikasturtean Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan egingo den Lan Eskaintza Publikoaren lehen proposamena aurkeztu zuen. «Lehen proposamen horretan 550 lanposturen eskaintza azaltzen da, horietatik %10 gutxi gorabehera 2. HErik gabekoak dira. «Egun lanean ari diren 2. HE gabekoei aukera eman behar zaielako», sailburuordearen hitzetan. «Jakin badakigu, Hezkuntza Sailak hala onartu duelako, 2006ko datuen arabera, badaudela 329 funtzionario 2. HEa ez dutelako klaserik emateko aukerarik ez dutenak», azaldu du LABek.

Sindikatuak esan du «`errealitatean oinarrituta' aterako dituzte perfilik gabeko plaza horiek, eta, jakina denez, Lanbide Heziketa, euskalduntzetik urrutien dagoen esparrua da. Bitxia da -gaineratu du LABek- Estatuari desobedientzia egitekotan omen dabilen EA alderdi politikoak, Hezkuntza eta Lan Sailak bere eskuetan izanik, euskararekin halako jarrera izatea».

«Larria da»

LABen esanetan, «Hezkuntza Sailak euskalduntzerako planak eta baliabideak ipini beharrean, ez dio arazoari aurre egin nahi. Larria bada ere, are larriagoa da 2. HErik gabeko lanpostuen eskaintzarekin gatazka konpondu nahi izatea».

Sindikatu abertzalearen ustez, «irakasleriak eta Hezkuntzako langileek Hezkuntza sistemaren zerbitzura egon beharko lukete, baina Hezkuntza Sailarentzat, sistema da irakasleen zerbitzura egon behar duena».

Hizkuntza ereduak aldatzeko aurrera eraman behar diren neurrien artean, ezinbestekoa da sindikatuaren aburuz, «irakasle finko berri guztiak 2. HEdunak izatea. Irakasleria euskalduntzen ez bada, nola lortuko ditugu eleanitzak izango diren ikasle euskaldunak?».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo