Xabier Izaga Irakaslea
Demokrazia berdin legea
Azken egunotan hitz bakar batez eman digute demokraziaren definizioa; espainiar demokrazia, behinik behin: legea. PP eta PSOE bat datoz definizio horretan, eta hedabideetan analistek, tertulianoek eta gainerako «adituek» argi eta garbi esan dute, Ibarretxeren erreferendum iragarpena dela-eta, demokrazia legea betetzea dela. Beraz, erreferendum hori, erabakitzeko eskubidea edo autodeterminazio eskubidea (Euskal Herrian batez ere) legez kanpokoak ez ezik, ez-demokratikoak ere badira. Estatu espainolean, non demokrazian biolentziarik gabe dena posible den.
Legea, letra larriz, espainiar Konstituzioa da, legeen Legea, Carta Magna. Kontu serioa gero. Haren jatorriaren bila, ordea, ez dugu Franco hildakoan zenbait indarrek (demokratikoak?) landu zuten testura jo behar, Monarkia konstituzional horren burua, nahi bezain sinboliko baina nahikoa esanguratsua, Francok berak izendatu baitzuen eta Konstituzio hori diktadurako botereek jarritako mugek onartu zuten bezain demokratikoa baita.
Hemen ez dago borroka armatuko arazo bat. Borroka armatuaz nahi dena pentsa liteke, eta eztabaida liteke (azken hau esaldi erretorikoa da, jakina, «eztabaida» horretan, espainiar legearen arabera, iritzi bakarra ager baitaiteke, eta dagoeneko iritzirik ez agertzea ere kontu labainkorra da), baina hemengo arazoa espainiar legea izan da eta da. Gaur egun Konstituzio izena du eta duela berrogeitaka urte Principios del Movimiento. Eta arazoa da legea behin eta berriz inposatu dutela hemengo herritarren nahiak aintzat hartu gabe; areago, nahi horiek ukatu eta zigortzeko. Hemen arazo zahar bat dago, denboraren joanean konplexuago egin dena eta haren konponbideari heltzeko konplexuago egin duten faktoreak ere kontuan hartzea eskatzen duena.
Madrilgo Gobernuko presidenteak esan berri du, mehatxatu berri du, legea, espainiar legea, betetzen ez duenak ez duela lasai bizitzerik, eta horixe dela demokraziaren indarra. Egia osoa da indarra dela, baina ez demokraziarena, hain justu.