GARA > Idatzia > Gutunak

Argoitz Ormazabal Donostia

Zabal ditzagun euritakoak Letamanen!

Gogoko dugu irakurtzea, ez ordea Gaztetxeko atarian jartzen dizkiguten oharrak. Alkatearena edo udalarena? Ez horixe, garbiketa-enpresa batena! Aspaldikoa da Odonek Letaman eraisteko duen asmoa. Baina Gaztetxeak bizi izan dituen hamaika urteotan ez du duintasun apurrik azaldu bertakoekin solasteko. Parte-hartzeaz eta beste hitzez betetzen du ahoa eta hatsa besterik ez dario. «Ezerezaren gidariak diren hitz hutsak» besterik ez ditu.

Hauteskunde programan azaldu zuenez, bere proiektua «Larrotxene kultur etxea handitu eta Letaman gazte leku berria» eraikitzea da. Letaman Gaztetxea da, gazteok egina gazteontzat! Ez dugu udal teknikaririk nahi gure ekinbidea mugatu dezan. Gutxienez auzoko gazteok kontuan hartzeko eskatu diogu. Baina bai zera! Hauxe da odonizazioaren martimuilo ezeztaezina.

Berriro ere alkateak zerura pixa egin eta euria ari duela esango digu. Zabal ditzagun euritakoak, busti dadila bera. Estali dezagun Letaman. Adi! Kalearen beste aldean daude burdinazko `Godzila' eta odonkraziaren zaindariak. Batu erresistentziara, batu protestara. Guztiek eguraldia hizpide duten bitartean, zerutik datorkiguna euria ez dela badakigu. Ez itxi, ez etsi, hautsi eta eutsi! Letaman aurrera!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo