UEK taldearen «uhin berriak» rock indartsuz beteak datoz, hirukote trinkoan oraingoan ere bai
Keu ondarrutarrak bakarkako egitasmo instrumentala zokoratu eta hirukotean eman zuen «Heltzear diren Egunak» lana. Orain, UEK taldea trinkotu eta «Uhinak» plazaratu berri dute Gaztelupeko Hotsak-ekin.
Anartz BILBAO | BILBO
Keu Agirretxearen UEK egitasmoa hirukote sendo bihurtua dator atzo aurkeztutako «Uhinak» lan berrian, azalean alderantziz idatzitako 3 zenbakiak agertzen duenez. Badira bi urte gitarra jotzaile Mikel Arakistain, baxu jotzailearekin eta Jon Gurrutxaga bateria jotzailearekin batera lanean ari dela, eta garbi omen zuen lan honetan ere hirukotean emango zuela.
Aurrekoa bezala, Haritz Harreguy sonako ekoizlearekin grabatu dute «Uhinak» Andoaingo Garate Estudioetan, uztail partean. Grabatzeari dagokionez, aurrenekoz sesioan egin dute, hirurek batera. Musika irakasleak ditugu taldekideak, eta baliabide ugari dituzte instrumentista gisa. Hala, zuzeneko kutsua lortu du rock indartsuaren ildoari jarraitzen dion lan berriak.
Aurkezpenean gustura agertu zen Keu, buruan zerabilen soinutik inoiz baino hurbilago darabilelakoan, pozik.
Batetik hirura
Musikari eta gitarra jotzaile trebea dugu Keu Agirretxea, makina bat talde eta egitasmotan parte hartutakoa, besteak beste, Fjord edo Etsaiak taldeetan. Ondarrutarrak bakarkako bide instrumentalari ekin zion milurteko berriarekin batera, eta bost urtean hiru disko ekoiztu: Debut homonimoa, «Ganbaratik» eta «Fignuh Hystreld». Alta, laugarrenerako rock formato klasikora bueltatu eta «Heltzear diren egunak» plazaratu zuen iaz, beste aro baten hasiera iragarriz. Egun, Jon Gurrutxaga eta Mikel Arakistain musikari lagunekin sortutako hirukoteak bi urte eta 40 bat zuzeneko daramatza elkarrekin eta talde trinko bihurtuta argitaratu dute «Uhinak», Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin. Disketxe berean gitarra elektrikoa jotzeko oinarrizko pausuak azaltzen dituen dvd-a plazaratu du aurten Keu Agirretxeak.
Zuzeneko birari ekitear dago orain hirukotea. Datorren larunbatean, urriak 13, Durangoko Plateruenan izango dira Far From Finished, Frontkick eta Des-kontrolekin batera emango duten jaialdian.