GARA > Idatzia > Kultura

«Itxaron beharra ez da itxaropena», Governors taldearen estraineko lana

I. A. | DONOSTIA

Arrasatetik datorren talde berria da Governors, eta eskuartean dakarrena ere labetik ateratako lehenengo lana du: «Itxaron beharra ez da itxaropena» izenburua duen diskoa, alegia.

Juan Sangre da proiektuaren bultzatzaile eta gidari. Eta, horiek hala, atzo Donostian egindako agerraldian azaldu zutenez, Governors bera «Fjord taldearen errautsetatik sortutako ekimena dela esan daiteke». Izan ere, J. Sangrek urte mordoxka darama musikaren munduan buru-belarri; bere bi talderik ezagun eta ospetsuenak Ekon eta Fjord taldeak izan dira, biak ala biak «gailurrean ibilitakoak».

Hartara, gazte hark duen eskarmentua handia dela-eta, Oihuka-ko arduradunen aburuz, proiektu berri horrek ere gora egiteko aukera handiak ditu. «Talde experimentatua da, nahiz eta lehenengo diskoa hau duten», esan ostean, «jaio berria den aspaldiko proposamen» bat bailitzan aurkeztu berri dute Governors.

Labetik atera berria

J. Sangrek ahotsa, Aitorrek gitarra, Heloyk bateria eta Beñatok baxua eskaintzen dizkiote talde sortu berriari. Laukotea iragan ekainaren 25ean hasi zen lana grabatzen Andoaingo Garate estudioan, Haritz Harreguy soinu teknikariarekin. Jimi, Soziedad Alkoholika taldeko gitarra jotzailea, aldiz, ekoizle gisa aritu zaie laguntzen.

Abuztuaren 20tik irailaren 3a bitartean Elkar estudioan aritu dira nahasketak egiten, Cesar Ibarretxerekin eta Jimirekin batera.

Esfortzu horren guztiaren fruitua hamaika kantataz hornitutako diskoa da, guztiak ere euskaraz. Eta ibilbide honetan emandako pausoak hobetu azaldu asmoz, atzoko aurkezpenean bideo bat erakutsi zuten, besteren artean, taldearen sorrera, Irlandan barna egindako bira txikia, maketa, grabazioak eta bestelako kontuak nola gauzatu ziren argitzeko.

Rock indartsu eta melodikoa

«Azken dantza» abestiarekin hasten da diskoa, eta «Zorionaren anai herrena» delako beste batekin agurtu. Bien bitartean, gai sozialak, politikoak eta intimistagoak direnak ere eskaintzen ditu Governorsek.

Adibide gisa, diskoaren izenbururako kanta batek daraman lelo edo esaldi bera hautatu dute azkenean: «Itxaron beharra ez da itxaropena». Eutanasiaren auzia du horrek ardatz, norberari beste gairen bat ere iradoki diezaiokeen arren.

Taldearen musika estiloa rock indartsu eta melodikoan koka daiteke. «Gorputz handiko kantak dira, espazioa azkar betetzen duten horietakoak. Musika gihartsu eta zaildua», diotenez.

Kontzertuak

Hurrengo emanaldiak: Tolosako Bonberenean, hilaren 26an; Bilboko FNACen, 31n; Arrasaten, azaroaren 10ean; Bilboko Kafe Antzokian, azaroaren 22an eta 23an.

Web: www.governorszone.com.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo