GARA > Idatzia > Zinema

Iruñeko VIII. Zinemaldiak azken lanak erakutsi eta Ramon Barea omenduko du

GARA | DONOSTIA

Azken txanpan sartu da Iruñeko VIII. Zinemaldia. Iragan den astelehenean ekin zieten edizio honetan lehiatuko diren 122 filmen emanaldiei (guztira 525 lan izan ziren antolatzaileek jaso zituztenak, orain arteko kopuru handiena) Saide Carlos III eta Civican aretoetan. Gaur eta bihar artean, geratzen diren film eta film laburren azken proiekzioak egin eta sariak emateari ekingo diote epaimahaiko kideek.

Ohiko «Valor Visual», «Cineactiv», «Creatif» eta «Aternatif» atalen ondotik, iaz Nafarroako film labur onena saritzeko atala sortu zuten antolatzaileek eta, izandako arrakasta ikusita, aurten ekimenarekin jarraitzea erabaki dute. Horrez gainera, publikoa izango da bere bozken bidez sariketaren gaineko erabakia hartuko duena, eta sarituak 600 euro jasoko ditu.

Ramon Barea antzezle, egile, zuzendari eta errealizatzaileak jasoko du aurten Iruñeko Zinemaldiak urtero eskaintzen duen omenaldia, azaldu dutenez, film laburren alde egin duen lanagatik.

Besteren artean, berak zuzendutako «Adiós, Toby, adiós» film laburra 1995 urtean Cannesko zinema jaialdirako hautatu izana nabarmendu dute eta, era berean, Alfaz de Piko jaialdian (Alacant) zuzendaritza eta film labur onenaren saria eskuratu zuela gogorarazi dute. Omenaldia bihar, sari banaketaren ostean, egingo da.

Fitxa

Civican: Gaur, Valor Visual ataleko hiru emanaldi, 17.00, 18.30 eta 20.15ean.

Bihar, Nafarroako lanen erakustaldia, 10.30ean, eta Valor Visual ataleko sariketa 18.30ean.

Saide Carlos III: Gaur, Cineactiv-eko bi emanaldi (17.30 eta 22.30ean) eta Alternatif-eko bat (20.00etan). Bihar, sariketak: Alternatif-ekoa 20.00etan eta Cineactiv-ekoa 22.30ean.

Informazioa eta egitaraua: www.festivalcinepamplona.com

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo