EAE-ANVk Asparrenako Udalean dagozkion eserlekuak aldarrikatu ditu
A. VELEZ DE MENDIZABAL |
Asparreneko EAE-ANVko zerrendaburuek eta hautesleek D´Hont legearen arabera dagozkien bi zinegotzien eserlekuak itzultzeko eskatu zioten EAri eta Aralarri atzo goizean izan zen Udal Bilkuran. Herritarrek pankarta bat atera zuten, zeinean «EA lapurrak, Aralar erantzun» irakur zitekeen.
Jakina denez, Auzitegi Gorenak maiatzeko hauteskundeetan EAE-ANVk Asparrenan aurkeztutako zerrenda legez kanpo utzi zuen, eta alderdiak jaso zituen 148 bozak baliogabeturik geratu ziren. Emaitza horiekin EAE-ANVri EAk eta Aralarrek jaso dituzten zinegotzi bana legokioke, baina oraingoz ez dizkiete eserlekuak utzi. Beraz, Ramon Arbulo eta Inma Arbizu EAE-ANVko zerrendaburuei legokie zinegotzi lanetan aritzea.
EAk argi adierazi du ez diola eserlekua EAE-ANVri utziko eta bere hiru zinegotziek eserlekuak bete dituzte. Aralarrek, berriz, ez du oraindik bere jarrera argi azaldu. Udal taldeak lortu dituen lau zinegotzietatik hiruk bakarrik egin dute karguaren zina, eta hala, zinegotzi baten eserlekua hutsik utzi dute. Hauteskundeen ostean, Aralarrek adierazi zuen denbora igarotzen utziko zutela eta lau hilabete joanda EAE-ANVri dagokion eserlekua utziko ziotela. Dena dela, oraingoz ez dute agindutakoa bete, eta EAE-ANV Asparranako Udaletik kanpo geratu da. Bi alderdiek hartutako jarrera ikusi ostean, EAE-ANVko zerrendaburuek eta hautesleek Udal Bilkuretan protestatzea erabaki dute.
EAE-ANVko jarraitzaile Mikel Txapartegik adierazi zuen hemendik aurrera Udal Bilkuretara joango direla, hala EAri eta Aralarri «presioa» egiteko. «EAk hasieratik argi utzi zuen haiek ez ziotela EAE-ANVri eserlekua utziko, eta Aralarren jarrera antzekoa izan da. Lau hilabeteren buruan, guri dagozkigun eserlekua utziko zigutela esan zuten arren, denbora aurrera egin du eta oraindik ez dute agindutakoa bete. Gure ustez, Aralar itxurakerietan ari da, eta horregatik behingoz erantzutea eskatu diogu», azaldu du.
Tentsio unea
Udal Bilkura amaitzean tentsio uneak izan ziren EAE-ANVko zerrendaburuen eta EAko zinegotzien artean. EAE-ANVko jarraitzaileek «lapurrak» izatea leporatu zieten EAko zinegotziei. Hori entzutean, alderdi horretako zinegotzi bat haiengana hurbildu zen eta galdetu zien zergatik ez zieten ezer esaten Aralarreko zinegotziei. «Guri lapurrak izatea leporatzen diguzue, baina Aralarreko zinegotziei berriz ez diezue ezer esaten», esan zien zinegotziak.
Etorkizunari begira, Txapartegik ziurtatu du ANVri dagozkion eserlekuak lortu arte, Udal Bilkuretara protestatzera joango direla, azken batean «beste irtenbiderik» utzi ez dietelako.