GARA > Idatzia > Euskal Herria

Urrats onuragarritzat jo du EHIK-k Lakuako curriculum dekretua

Alde positiboak; planteamendu egokiak izan arren, oraindik ere nola garatuko diren ikusteke daudenak; eta kritikoak direnak. Guztiak topatu ditu Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak Lakuak iragan astean aurkeztutako EAEko Oinarrizko Hezkuntza Curriculumean. Oro har, aurrerapausotzat jo dute, baina Euskal Curriculuma, Euskal Herrian oinarrizkoa eta komuna, eginkizun dagoela nabarmendu dute ikastolen ordezkariek.

p018_f02_111x111.jpg

Maider EIZMENDI |

Iragan astean Lakuako Hezkuntza Sailburuak, Tontxu Camposek, azaldu zuen EAEko Oinarrizko Hezkuntza Curriculuma, «norabide onean egindako urratsa eta ekarpena» dela nabarmendu zuen Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak (EHIK) atzo egindako agerraldian. Zentzu horretan, «ez du talka egiten garatzen ari den Euskal Curriculumarekin». Hala eta guztiz ere, Koldo Tellituk, Iñaki Etxezarretak eta Xabier Garagorrik, EHIK-ko lehendakariak, zuzendariak eta aholkulari pedagogikoak hurrenez hurren, azaldu zutenez, dekretuan egokiak izan arren, ikusteke dauden planteamenduak eta alde kritikoak ere nabarmendu dituzte.

Begi onez ikusten dute EAEko Hezkuntza Administrazioak curriculum berezitua egiteko saioa egin izana, bai eta honek Oinarrizko Hezkuntza osoa kontuan hartzea, «derrigorrezko irakaskuntzari planteamendu integrala emanez». Euskarari dagokionez, onura handiko pauso gisa ulertzen dute ikastetxeen jarduera-hizkuntza nagusia dela dekretuaren artikulatuan jasotzea. Ildo berean, ikastetxe bakoitzaren autonomia kurrikularrari tarte zabala utzi diotela uste dute, «derrigorrean lortu beharrekoak etaparen bukaeran ezartzen dituelako, eta helburuetara mugatuta». Aipatu alde positiboez gain, planteamendu egokiak, baina oraindik ere ikusteke daudenak aipatu zituzten, esaterako, aniztasunari eman beharreko erantzunen planteamendua edota diagnostikora bideratutako ebaluazioa.

«Sarreran Euskal Herriari buruzko zehaztapena egiteak ikas/irakaskuntza prozesuaren baitako zenbait zalantzari argia egiten diola baloratzen badugu ere, zehaztapen hau indar arautzaile zuzenik gabe geratzen da, artikulutegian azaltzen ez delako», adierazi zuten, dekretuan nabarmentzen dituzten arlo kritikoak zerrendatzen hastean.

Hori hala, beren ustez etorkizunera begira, oinarrizkoa litzateke «Hezkuntza Administrazioan ere mugaz gaindiko proiektuak» lantzea.

Era berean, ez dute onuragarritzat jotzen, besteak beste, ikas-arloei eta ikas-gaiei ezarri zaizkien derrigorrezko ordu kopurua. «Honek ez du laguntzen eleaniztasunaren araberako planteamendu koherentea egiten, ezta ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-proiektuaren egokitzapenean ere».

«Prozesu baztertzailea»

Prozesuari berari dagokionean, kritikatu egin zuten Hezkuntza Sailak lehendabiziko proposamena egitean izandako jarrera baztertzailea, «EHIK, Kristau Eskola eta Sortzen-Ikasbatuaz alboratu zituenean».

Lakuak aurkeztutako dekretua aurrerapaosotzat jota ere, «Euskal Curriculuma, Euskal Herrian oinarrizkoa eta komuna, eginkizun», dagoela nabarmendu zuten. «Euskal Herria osorik eta eskola-errealitate guztiak aintzakotzat hartzen dituen Curriculuma behar da, eta hau da geure hautua, curriculum ofiziala alboratu gabe», argitu zuten. Une honetan, Euskal Curriculumaren fase programatikoaren azken lanean ari direla aurreratu zuten, ikasturte honetan burutuko dute lana. Hala ere, honen izaera dinamikoa nabarmendu nahi izan zuten EHIK-koek, «badakigu ez garela lan definitiboa egiten ari».

Euskal Herria

Euskal Herriari buruzko zehaztapena egitea begi onez jo dute, baina hau indar arautzaile zuzenik gabe geratzen da euren ustez, artikulutegian azaltzen ez delako.

onurak

Oinarrizko Hezkuntza osoa hartzea onuragarri dela uste dute, horrela derrigorrezko irakaskuntzari planteamendu integrala ematen zaiolako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo