GARA > Idatzia > Kirolak

Izotz-hockeya | Superliga

Xehetasun txiki batzuk falta zaizkio Hormadiri

Azken orduko ezuste handiren bat gertatzen ez baldin bada, datozen orduetan jasoko du talde lapurtarrak Estatu espainioleko Ligan aritzeko baimen ofiziala, oraindik ere ez baitu lortu

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Joan den asteartean GARAk aurreratu zuen moduan, Hormadik aukera asko izango ditu Superligan jokatzeko, baina oraindik ez du baimenik lortu, nahiz eta komunikabide batzuetan baiezkoa agertu den.

«Akordioa oso aurreratuta dago, eta une honetan Hormadik Superligan jokatzeko aukerak asko dira, baina oraindik ez da segurua, gauza batzuk falta baitira», esan zuen Carlos Gordobilek, Espainiako Federazioko zuzendari teknikoak.

Erabakia gauzatzeko falta den gauza bakarra, Hormadiren sinadura omen da Frantziako Federazioarekin. Izan ere, horrek dokumentu bat aurkeztu dio talde angeluarrari, eta hori sinatu beharra dauka, gero Espainako Federazioak onartzeko, baina ez dirudi arazo handiegirik izango denik.

«Hamarretik bederatzi eta erdiko aukera du Hormadik superligan jokatzeko. Egutegia ere moldatzen ari gara. Asteburu honetan ez du jokatzerik izango, baina hurrengorako lehian izatea espero dugu», azaldu zuen Gordobilek.

Ez da ahaztu behar, Hormadik Frantziako Elite liga galdu zuela iaz, eta Lehen Mailara jaitsi zela. Aurten Hormadik aurkeztu duen dokumentazioa, ordea, ez du onartu Frantziako Federazioak, diru kontuak medio, eta zuzenean azkeneko mailara bidali du, Hirugarren Mailara, eta hori izan da angeluarrek Superligan parte-hartzeko eskaria egiteko arrazoia, Hirugarren Mailan ez baitute aritu nahi.

Hala ere, Espainiako Ligara pasatzeko, Frantziako Federazioak Hirugarren maila horretan talde bat izatea eskatzen dio Hormadiri, eta atzo talde horretako presidenteak aditzera eman zuenez, iaz juniorrak izan ziren jokalariez osatutako talde gazte bat arituko da aurten Frantziako Ligan.

Beraz, ez dirudi sinadura horrekin inongo arazorik izango denik, eta orduetako kontua izango da Hormadi Superligan arituko den ofizialtsuna jasotzea, atzo Gordobilek esan zuenez: «Gauzak erabat okertu ezean, eta espero dezagun ezetz, datozen orduetan ofizial egin daitekeela uste dut, baina oraindik egiteko dago». Hormadiren parte-hartzea onartzen denean, hiru talde euskaldun izango dira Superligan, angeluarrekin batera arituko baitira Gasteiz eta Txuri Urdin ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo