Igande honetan errepresioa salatzeko martxa egingo dute Etxarrin
GARA |
Etxarri Aranatzeko herri jaiak direla-eta, urtero egin ohi den euskal preso politikoen aldeko manifestazioa aurtengoan debekatu izanaren ondotik, udalerriak bizi duen «errepresio bortitza» salatzeko helburuarekin eta herriko hainbat eragilek sinatu duten manifestu baten harira, manifestazioa antolatu dute igande honetan, hilak 7, arratsaldeko 19.00etan.
Hala, azken hilabeteotan udalerria jasaten ari den «atxiloketak, manifestazioen eta kontzentrazioen debekuak, polizia kargak, polizia kontrolak, herri okupazioak...» salatzeko asmoz, «Aski da! Errepresiorik ez! Hau ez da demokrazia» lelopean egingo da manifestazioa. Besteren artean, ehunka herritarrek, herriko kirol taldeek, taberna ugarik, komertzio andanak, musikariek eta eragile politikoek zein sozialek eman diote babesa igandeko mobilizazioari.
Auzipetuei elkartasuna
Udalerrian bizi diren errepresio gertaerei amaiera emateko exijentziarekin bat, adosturiko testuak udalerriko presoen eta, oro har, euskal preso politikoen eskubideen defentsa egiten du.
Alde horretatik, joan den abuztuaren 4an «zauritutako herritarrei erabateko elkartasuna adierazi nahi diegu, eta horren erantzuleak egindakoagatik epailearen aurrean jartzea galdegin dugu». Halaber, Udalak abuztuaren 17ko udalbatzan onarturikoa bete dezan ere eskatzen du manifestuak.
Bestetik, Juan Kruz Aldasorori eta Koldo Barandallari, abuztuaren4ko «istiluengatik» Nafarroako Auzitegiak auzipetu dituenei, elkartasuna eta babesa adierazten diete ere testua sinatu duten ehunka herritarrek; era berean, prozesu judiziala bertan behera gelditzeko exijentzia egiten dute.
Aldiz, Guardia Zibilaren jarrera gaitzesten dute, eta Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa konpontzeko arazo nabarmen gisa izendatzeaz gain, herritik alde egiteko aldarrikapena ere jasotzen du manifestuak.