GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iritsi da Maritxu Kajoi, arrasatearren jairik dotoreena eta eroena

Herriko txikitero baten ateraldiaren fruitu omen da, eta zalantzarik gabe Arrasateko herritarrek ondo eskertuko diote, hiru hamarkada geroago parrandarako aitzakia ezin hobea eskaintzen baitie. Maritxu Kajoi herritarren artean ez ezik, bailarako eta bailaraz kanpokoentzat ere aski ezaguna da. Jai dotorea egin dute, bertaratzen denak ia arau baitu etxean dituen trapurik eleganteenak soinean jartzea, eskapularioa ere ezinbesteko dute.

p025_f03.jpg

GARA |

Txikiteroen Ama Birjinaren jai handia ospatuko dute gaur arrasatearrek. Eta noski, egun handirako aproposko arropak jantzi behar. Azken egunak askorentzat armairu bazterrak, ganbarak edota baten eta bestearen arropa artean miatzen jardutekoak izan dira; txukunago edo traketsago, elegante jantzirik ospatu behar baita eguna. Horretaz gain, bada hutsik egin ezin dezakeen beste elementu bat: eskapularioa. Oraindik ere eskuratu ez duenak badu beta, beraz, ez du aitzakiarik izango hori lepoan hartuta ez joateako.

Herriko txikitero baten ateraldiari batek abiatu eta 1977tik ospatzen den jai hau goiztiarra da. Arrasatearrek nonbait probetxu atera nahi izaten diote, eta horiek hala, noiz iritsiko zain izaten direnak goizean zortzietatik aurrera gozatzen hasteko aukera izango dute.

Ama Birjinari eskaintza

Egun osoan, makina bat egiteko, ospatzeko, jateko eta edateko izango dute Debagoieneko herri horretako bizilagunak zein kanpotik bertaratzen direnak. Ilunabarrean egingo dute, dena den, eguneko ekitaldirik esanguratsuena, jaian parte hartzen ari direnek «dotore-dotore» Maritxuri lore eskaintza egingo baitiote.

Modu horretan, Ama Birjinari urte guztiaren buruan egindako parrandak eta horietan gozatutakoa eskertuko dizkiote eta datorren urtean guztiak egon daitezen eskatu. Eskaintza egin ostean, oraindik ere dantzarako sasoia duenak aukera izango du Herriko Plazan. Goizetik goizerako jaia izan ohi da Maritxu Kajoirena eta, beraz, gauean ere ez da aspertzeko betarik izango.

Herritarrentzat ez ezik, inguruetatik eta hain inguruan ez dauden herrietatik bertaratzen diren pertsonentzat jai handia da hori. Izan ere, orain urte batzuk herriko txikitero koadrilen jaia bazen ere, urteetan aldaketa handiak izan ditu eta milaka lagunaren bilgune bilakatu da urriko lehen ostiralean Arrasate. Gaurkoan, urte osoan bezalaxe Maritxuk eman diezaiela guztiei parrandarako sasoia eta umorea.

GOIZTIAK

Goizeko zortzietan botako dute jaiaren hasiera iragarriko duen suziria. Bihar goiza bitartean nahi duenak jaia izango du.

Iluntzean

20.30etan egingo diote lore eskaintza Ama Birjinari urte guztian egindako parrandak eskertu eta datorren urtean guztiak egon daitezen eskatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo