GARA > Idatzia > Kultura

Iaz baino 50 saio gehiago hitzartu ditu EIEak «Idazleak ikastetxeetan» programaren baitan

p054_f02_97x92.jpg

GARA | DONOSTIA

Euskal Idazleen Elkarteak urtero Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako ikastetxeetan abian jarri ohi duen «Idazleak ikastetxeetan» programak aurten iaz baino 50 saio gehiago hitzartu ditu jada, hau da, 420 saio. EIEko lehendakariak, Fito Rodriguezek, hala ere «Iparraldean ere ari da EIE literatura eskoletan lantzen; Nafarroan ere aritu da, eta ariko da», esan zuen programaren aurkezpen ekitaldian.

Alde horretatik, Iratxe Etxebestek, EIEko zuzendariak, irakasleek eskaera egiteko www.idazleak.org webgunera jo behar dutela esan zuen, bertan programaren nondik norako guztiak ere bildu baitituzte. «Aldaketa nagusia da aurten idazle guztien abizenak alfabetikoki daudela adierazita, eta aukeraketa modu horretara egin behar dela; ikastetxera zein idazle eraman nahi duzuen garbi esanez gero, behintzat. Bestela, lurraldez lurralde badago aukera programan parte hartzen duten idazle guztien zerrenda eta liburua ere kontsultatzeko», azaldu zuen Etxebestek. Zuzendariak aipatu programa aurrera ateratzen bada, Gasteizko Gobernuko Hezkuntza Sailaren «babesari esker» dela argitu zuen.

Horiek hala, Rodriguezek programak ez zuela hasiera erraza izan esan zuen: «Hamar idazle hasi ziren lanean Donostia inguruan saio bakan batzuk ematen. Pixkanaka joan zen hazten, hezten eta gaur esan dezakegu heldutasunera iritsi dela». «Batzuetan ez da erreza izaten, baina kasu honetan argi geratzen da elkarlana zilegi dela. Euskal Idazleen Elkarteak orain 15 urte hasi zuen ibilbidea Donostiako Udalak babesten zuen hasiera batean; Gipuzkoako Foru Aldundiak gero, eta duela hamar urtetik hona Eusko Jaurlaritzarekin elkarlenean ari da EIE, batik bat», gaineratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo