Aldaketarik ez Albaceteren bisitarako
Chris Colemanek jarraikortasuna emango dio taldeari
Entrenatzaile galestarra ez da aldaketak egin zalea eta pazientzia eta zuhurtzia eskatu ditu, «hau maratoi luzea baita, ez ehun metroko lasterketa»
GARA | DONOSTIA
Morten Skoubo eta Andrea Delivasic, ustez aurrelari titular izan behar zutenak, erabat osatu diren arren, Chris Coleman oso gustura da Iñigo Diaz de Zerio eta Gari Uranga erakusten ari diren mailarekin, beraz, bihar Albaceteren aurka hasieratik jokatuko dute bi euskaldunek. «Zaila da ondo ari den talde batean aldaketak egitea. Gari eta Diaz de Zerio oso ondo moldatzen dira elkarrekin, eta Xerezen bien artean oso gol ona sartu zuten. Morten eta Delibasic itzuli dira, beraz, arazo ederra daukagu», azaldu zuen.
Zelai erdian ere, euskarri postuan Garitano eta Aranburu ere ondo dabiltza, eta bizkaitarrak arazo fisikoak izan dituen arren, partidetara ondo heltzen da eta hemen ere ez da aldaketak egitearen aldekoa. «Inor nekatuta edo min hartuta baldin badago, orduan egin behar dira errotazioak, baina oraindik sei partida baino ez ditugu jokatu; beraz, ez da arrazoirik gabeko aldaketarik egin behar», azaldu zuen entrenatzaile galestarrak.
Azken emaitzek asko aldatu dute taldearen inguruan sortutako giroa, eta lehen jardunaldietan ezkortasuna nagusi bazen, orain itxaropena nabarmena da. Colemanek, ordea, lasaitasuna eskatu zuen. «Denboraldia oso luzea da, maratoia da, ez 100 metroko lasterketa. Ez dugu horrenbeste arduratu behar igandero geratzen denaz. Ezin dugu pentsatu dena bikain egin dugunik puntuak eskuratu izanagatik, ezin da burua galdu ez irabazita ezta galduta ere. Albaceteren aurkako partida da garrantzitsuena , baina hurrengoa delako solik. Bidea egina daukagu eta bertatik jarraitu behar dugu», azaldu zuen.
Azkena izateagatik zailagoa
Sailkapenari erreparatuta, partida erraza behar luke biharkoak, baina galestarrarentzat, azkena izateak are arriskutsuagoa egiten du Albacete. «Denboraldia hasieran uste genuen bezain gogorra izango da, eta larunbateko partida ere ez da erraza izango. Azkena izateak partida zailago egin dezake, eta nik, gainera, sekula ez diot sailkapenari erreparatzen. Ziurrenik kontraerasora jokatuko dute, ondo ezagutzen dugu arerioa, baina guk geureari erreparatu behar diogu».
Gauzak horren ondo ez zihoazenean, jokalariei ausartagoak izan zitezela eskatzen zien Colemanek eta bere ustean, futbolariek kasu egin diote. «Nik jokalariei beti esaten diet saiatzeko, euren jokoa azalarazteko eta baloia maitatzeko; huts eginez gero, ez dago larritu beharrik. Izan ere, hala egin ezean, ez dira gol aukerak iristen, eta ezinezkoa da irabaztea», adierazi zuen.
Orain taldea gehiagotan iristen da arerioaren atera «eta ez da erraza, jaitsieraren ondoren eta taldean horrenbeste aldaketa eman eta gero».
Atzealdean jasotako golak egindako akatsengatik heldu dira «baina taldearen jokoa erasokorra da eta agian horren erruz izan dira», gaineratu zuen.