GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora | Nafarroako Txapelketa

Nazabal da, adituen ustez, irabazteko faboritoa

Lopez, Mindegia, Barberena eta Senosiain I.a ere Etxarriko finalean izango dira

p051_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Nafarroako aizkolari txapelduna zein izango den jakingo da etzi Etxarri Aranatzen, bertan jokatuko baitute 13.00etatik aurrera finala. Bertan, orain dela bi aste Altsasun jokatu zen kanporaketako bost onenak izango dira, Larretxea ezik. Honek beste konpromiso bat badu, eta bere ordez, seigarren geratu zena arituko da. Senosiain I.a, alegia. Nazabal, Lopez, Barberena eta Mindegia izango dira finalean arituko diren besteak.

Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko ditu, Euskal Herriko Txapelketako lanarekin alderatuta, bi oinbiko gutxiago izaten dira herrialdeetakoetan.

Floren Nazabal da txapela lortzeko faboritoa. Iaz ezin izan zuen lehiatu min hartuta zegoelako, baina aurten txapela jantzita amaitu nahi du. Kanporaketan besteen gainetik geratu zen. Larretxea zirudien berari aurre egin ziezaioken bakarra, baina bera izango ez denez, denek bera jotzen dute faborito.

Juanjo Lopez ere kontuan hartu beharko da. Adituen ustez azken urteetan ez omen da aurten bezain ongi egon, eta hori Euskal Herriko finalean sartuta ere baieztatu zuen. Final hori datorren asteburan izango da Donezteben, eta ordurako erreferentzia izateko ere balioko dio Nafarrokoak.

Miel Mindegiak iaz txapela jantzi zuen, baina aurten zaila izango du. Zortzi hilabete eman ditu geldirik min hartuta, eta oraindik ez dago bere puntuan. Hala ere, saiatuko da lan eder bat egiten.

Barberena ere ahaleginduko da ezusteren bat eman eta aurrealdean izaten. Finaletan ez du eskarmentu faltarik eta duena emango du.

Antonio Senosiain, aldiz, azkeneko unean sartu da finalean, eta horrelakoetan zaila izaten da lan bikaina egitea. Hala ere, aizkolari bikaina da Olaguekoa, eta ez du lan txarra egingo.

Hirugarren Mailakoa

Etzi eguerdian ere baina Zaldibian, 12.00etan hasita Euskal Herriko Hirugarren Mailako finala jokatuko da. Bertan, orain dela bi hilabete pasa Astigarragan txartela lortu zuten seiak izango dira nor baino nor.

Honako hauek arituko dira txapelaren lehian: Atutxa II.a, Otaegi, Lasa, Zubizarreta, Aierbe II.a eta Mugertza II.a. Aizkolari bakoitzak hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu beharko ditu. Lehenengo biak Bigarren Mailara igoko dira.

Atuxa II.a izan zen kanporaketako onena. Bizkaitar gazte horrekin sekulako itxaropenak daude, eta etzi irabazteko faboritoen artean agertzen da, nahiz eta kanporaketan baino lan luzeagoa izango duten.

Joseba Otaegi sailkatu zen bigarren, kanporaketan. Zizurkildarra mutil handia eta indartsua da, eta estraineko bitan amaitzea izango du helburua, datorren urtean Bigarren Mailan aritu ahal izateko.

Nahiz eta kanporaketan hirugarren izan zen, Lasa da txapela lortzeko faboritoa. Aurten gipuzkoako Bigarren Mailakoa irabazi du.

Zubizarreta laugarren sailkatu zen kanporaketan. Hirugarren urtea du lehiaketetan parte hartzen, eta gora egin du nabarmen.

Eskarmentu handiko aizkolaria da Aierbe II.a, eta bere helburua ere estraineko bitan amaitzea izango da.

Mugertza II.a izan zen sailkapena lortu zuen azken aizkolaria, baina ahaleginduko da ezusteren bat eman eta aurrean sartzen. Ongi prestatuta egoten den mutila da Mutrikuko aizkolaria.

Donato Larretxea Alemaniara doa

Donato Larretxea ere sailkatuta zegoen etzi Etxarri Aranatzen izango den finalerako, baina bera Alemaniara doa, han jokatuko baita Sthil Timber Sport enpresak antolatzen duen Munduko Txapelketa. Lehiaketa horiek oso azkarrak izaten dira, eta kirolari bakoitzak hainbat lan egin behar izaten ditu.

Aizkoran, alturan, enborra etzanda aizkoran, bi motozerra ezberdinekin epaiak egin, eta trontzan bakarka egin beharko ditu Larretxeak final horretan. Berarekin batera, Euskal Herrian azkeneko urte hauetan jokatu dituzten nazioertako lehiaketetan izan diren kirolariak ere egongo dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo