GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Txapelketa

Aurten ez da nazioarteko lehiaketarik izango

J. L. | DONOSTIA
 

Egur Sport enpresak iaz antolatu zuen nazioarteko lehiaketarik aurten ez da izango, atzo GARAri bertako arduradun Luixmari Bengoak aditzera eman zionez: «Instituzioetatik ez dugu diru laguntzarik jasotzen, eta honela oso zaila da antolatzea. Aurten, behintzat, ez da posible izango», esan zuen enpresari arabarrak

Hala ere, hirugaren urtez aizkolaririk azkarrenaren sariketa jokatuko da, eta aurten ere Tolosan izango da azaroaren 18an. Hori, behintzat baieztuta dago: «Hori bai. Aurreko urteetan gauzak ongi joan dira, eta aurten ere data jarrita dago, eta jokatu egingo da». adierazi zuen Luixmarik.

Egur sport enpresak egun horretarako ahalegin berezia egingo du, eta saiatuko da atzerritik aizkolari batzuk ekartzen. Espainiarrak seguruenik ere hemen izango dira, eta beste herrialde batzuetatik ere saiatuko zela esan zuen.

«Nahiko nuke beste pare bat ekartzea, baina ez da erraza izango. Datak aurrera doaz, eta oraindik ezer zehazteko dagoenez, ez dakit posible izango dugun kanpotik inor ekartzea. Ahal bada ekarriko ditugu, eta ezin bada, hala beharko du», esan zuen.

Nazioarteko lehiaketa Egur Sportek antolatuta iaz jokatu zuten lehen aldiz, eta australiarrak izan ziren nagusi. Orain dela bi urte, berriz, beste antolatzaile batzuk izan zituen torneo horrek, eta era oso ezberdinean jokatu zuten. Orduan euskaldunak izan ziren nagusi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo