GARA > Idatzia > Herri-kirolak

sega

Ikusmin handia dago Zizurkilgo saiorako

J.L. | DONOSTIA

Ikusmin handia piztu du bihar arratsaldean, 17.00etan hasita Zizurkilen jokatuko duten sega deasafioak. Alde batetik, Lapazaran eta Lizaso izango dira; bestetik, berriz, Goikoetxea eta Ormaetxea. Saioa San Melin belardian izango da, herriko elizaren ondoan. Saio hau Info7 irratiari laguntzeko ekitaldia izango da.

Txanda libreko saioak segan oso gutxi izaten dira, eta izaten direnean ikusmina pizten dute, oso saio biziak izaten direlako. Lau segalariak gogoz datoz, ilusioarekin, eta bertaratzen direnek neurketa ederra ikusi ahal izango dute.

Desafio hori betiko eran egingo dute. Kiriolariek ordubete izango dute segan aritzeko, eta tarte horretan belar kilo gehien ebakitzen dituenak eramango du garaipena.

Ikusmina izateko arrazoi asko daude tartean. Batetik, egungo Euskal Herriko txapelduna, iazko txapeldunaren eta aurtengo bigarrenaren aurka neurtuko baita, nahiz eta saio honek final haiekin zerikusi gutxi izango duen. Bestetik, Lapazaran lehian ikusteko azkeneko aukera izango da, bizkaitarrak garbi utzi baitu aurtengoa izango dela bere azkeneko urtea, eta biharkoarekin aurtengo denboraldia amaituko denez, hor izango da aukera hori.

Bestetik, Lizaso berriro ere halako lehia batean ikusi ahal izango da. Orain dela urte dezente aritu zen txapelketa ofizialetan lehiatzen, eta bihar berriro ere bertan izango da.

Bi bikoteetako kideek garbi utzi dute saioa estua izango dela, eta ez dela faborito garbirik: «Nik uste dut parean ibiliko garela, ez dut faboritorik ikusten», esan zuen Jexuxmari Ormaetxeak.

Jon Lapazaran ere bat zetorrela esan zuen: «Ados nago. Nik uste dut pare samarrean egongo garela, eta ez dela kiloetan diferentzia handirik izango».

Neurketa hori zuzenean ikusi nahi dutenek ere ez dute dirutza handirik ordaindu beharrik izango, 10 eurotan baitaude sarrerak salgai Tolosaldeko tabernetan. Egunean bertan erosita, berriz, bi euro gehiago ordaindu beharko dituzte.

Gauean, berriz, sagardo dastatzea eta herri afaria izango dira Zizurkilgo Plazan, eta bertara joan nahi dutenek, 18 euro ordaindu beharko dute. Gaztetxoek, berriz, 8 eurotan afaldu ahal izango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo