Belgika ez da ikusten ezta Bruselatik ere
Belgikako Estatuaren etorkizuna zalantzazkoa da. Hauteskundeen ondoren hiru hilabete luze pasa dituzte hango alderdiek gobernua osatzeko negoziatzen, baina oraingoz ez dute akordiorik erdietsi. Flandestarrek aldaketak nahi dituzte eta waloniarrek ez dute oraingo botere banaketa moldatuko lukeen aldaketarik onartzen. Bruselako egoera berezia da, Europar Batasuneko egoitza nagusia bertan dagoelako.
Gobernua osatuko balitz ere, dagoeneko komunitateen arteko desberdintasunak eta desadostasunak handiegiak dira epe erdian Estatuaren bideragarritasuna bermatzeko. Halere, banaketa guztiek onartzen duten aukera erreala izan arren, herritarrek ez dirudite erabat konsziente. Kanpotik ikusita, bederen, ez zaie urduritasuna igartzen.
Belgika haustera doala esan daiteke, baina hemen ez ditugu hango oihuak entzuten eta ez da inon alarmarik piztu. Hemengo oihuek ez digutela hangoak entzuten uzten pentsa liteke, baina ez da hala. Belgikan, Europar Batasunaren bihotzean, gatatazka politikoa agerikoa da eta batzuen eta besteen jarrerak argiak dira. Baina, hala eta guztiz ere, Estatuaren balizko banaketa normaltasun demokratiko osoz gertatzen ari den eztabaida da. Han, estatu guztietan bezala, zuzenbide estatua existitzen da. Baina zuzenbidea eta Estatua herritarren borondatearen araberakoak dira, ez agintarien gogoen neurrikoak. Estatu guztietan bezala, han ere politikariek egonkortasun instituzionala bermatzeko ardura dute, baina egonkortasun hori ez da aldagaiztasunaren sinonimoa.
Azken urteetan gertatu diren sezesioetan europar agintariek kasu horiek guztiak bereziak eta bakarrak zirela esan dute -Montenegro eta Kosovo, azkenak aipatzearren-. Bruselako egoitzatik egindako adierazpenetan estatuen integraltasuna bermatuko zutela esan dute. Orain, oharkabean, egoitza horiek isolaturik geratzen ari dira, bi komunitate nazional eta kultural desberdinen arteko uharte batean. Iraganean bezala, erregeek eta gorteetako funtzionarioek beren gazteluetatik irtete hutsarekin beren mundua irreala dela uler dezakete.