GARA > Idatzia > Kultura

Ezintasun eta desberdintasunen gainetik, artisten bilgunea da heletako poteo atipikoa

Aste osoa daramate Heletan, Poteo Atipikoaren gaurko ikusgarria prestatzen. Denetariko artistak elkartu dira asteartetik goiti. Baina, ohikoa ez den bezala, protagonistak «zailtasunetan dauden» artistak izanen dira. Urtean zehar autistekin, psikologikoki ezindutakoekin, eri psikikoekin... lan egiten duten konpainiak, bertako artistekin elkartu dira. Trukearen emaitza, gaur gozatzen ahalko da.

Eneritz ZABALETA

Gaur egungo gizartean, normak agintzen du. Pertsonak, ez dituzte pertsona gisa ikusten, baldin eta gainerakoak bezala koak ez badira. Bestea, hainbat kategoriatan sailkatzeko ohitura dago, gure mundu moderno honetan. Desberdintasunak, honako multzotan katalogatzen dira. Are gehiago, desberdina dena, «ezindua», «zailtasunetan» edo «normala baino azpigaratuago» bezala definitzen ditu normak.

Baina pertsona pertsona da, nahiz eta desberdina izan, bestea baino «ezinduago» edo «zailtasun» gehiagotan egon. Hezur haragizko izakia. Sentitzen duen norbanakoa. Normak definitutako multzoak elkarrengana hurbiltzeko, desberdintasunak berdintzeko, pertsonak elkartzeko, Traboules konpainiak, Poteo Atipikoa antolatu du aurten. Publiko «atipikoa», gainerakoekin harremanetan jartzeko, artearen bidea hautatu dute Traboulesekoek.

Aste osoan, artista atipikoak biltzen dituzten konpainiak Heletara jitea gonbidatu dituzte. Hala, Turbulences, Le Théâtre des Lucioles, Cecilia... eta beste hainbat elkarte, tokiko artistekin bildu dira, elkarrekin lan egin, eta gaur gaueko ikusgarria prestatzeko. Lan komun horren helburua, artisten arteko zubiak eraikitzea, eta normalean «ezinduak» deitzen zaienak, benetako artistak direla erakustea da.

Alde horretatik, Parisko Turbulences konpainiak, autistekin eta arazo psikikoak dituzten helduekin lan egiten du. Aste osoan , gaur emanen duten batukada prestatzen ibili dira. Prestaketa «edozeinek egingo lukeen bezala» egin dute, Fabienne Lavanchi, Turbulenceseko kidearen arabera: «Autistei beti jarraipen handia egin ohi zaie. Etengabe terapeuta bereziekin eta erritmo bereziarekin lan eragiten zaie. Guk, batukada, beste edozein artistarekin bezala prestatzen dugu haiekin. Bere irakasleak ez dira arte-terapeutak, benetako artistak dira. Autistekin lan egiten dugunean, gure helburua, ahal den neurrian ardurak hartzen dituzten pertsona helduak bezala tratatzea da», erran zigun Lavanchik. Autismoaren gainetik pertsona jartzen du Turbulencesek. Hori emaitzan anitz nabari da: «ikusleak gure ikusgarrien kalitatearekin harritzen dira. Gure iritziz, autistak izan aurretik artistak dira gure kideak, eta artista lan bat eskaintzea eskatzen diegu. Eskatzean dago koska. Anitz eskatuta, pertsona bezala jokatzen dugu haiekin, eta haiek ederki erantzuten dute». Alde horretatik, Turbulencesen lan egiten duten autistek, langile estatutua dute, eta lansaria jasotzen dute: «denek ez dute arte arloan jarduten. Batzuk ostalaritzarako formatzen ditugu. Prestakuntza ematean dago gakoa. Horrela bihurtzen baitira artista, eta horrela integratzen dira gizartean», jarraitu zuen Lavanchik.

Gaur, batukadaren emaitza ikusi ahal izango dute Heletako ezkerparetan 18.30etik goiti. Lavanchiren ustez, ikusleak emaitzarekin harrituko dira: «oholtza gainean daudenean, sekulako zintzotasuna transmititzen dute. Ez dira maskara baten gibelean ezkutatzen». Aste osoan zehar, hainbat artistarekin topaketak egin ondoren, «sekulako aurrerapena» nabari die Lavanchik bere taldekideei: «horrelako topaguneetan, monitorearekin komunikatu ordez, haien artean hizketan hasten dira. Elkar laguntzen dute. Hori asko da». Heletan elkar ezagutzen ahalko dute pertsona ezberdin anitzek. Eta hori ere ez da gutxi.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo