GARA > Idatzia > Kultura

Hernani eta inguruko herrietako «artixtek» Urbieta kalea berreskuratuko dute gaur

Artixten Topaketak ekimen berria da. Artearen hainbat alorretan lan egiten duten Hernaniko eta inguruetako artistak biltzeko antolatutakoa. Egun osoan herriko Urbieta kalean bilduko dira guztiak.

Rebeka CALVO | HERNANI

Hernaniko kaleak hainbat arte diziplinatan aritzen diren «artixtekin» beteko dira gaur. Izan ere, Artixten Topaketak «kalea berreskuratu» nahi du, antolaketa arduradunetako kide Aritz Sound Systemen hitzetan. Hala, horretarako hiru gune prestatu dituzte, guztiak Urbieta kalean. Antolatzaileak gainera, parte-hartzaileak ez direla «oso famatuak» ere argitu du: «Horregatik diogu artixtak, eta ez artistak». Horiek hala, ekintza guztiak 11.00etan hasiko dira eta 20.00etan bukatu.

«Ideia oso sinplea da. Artearen alor desberdinetan ari garen lagunak elkartzea da gure nahia. Normalean bakoitza bere aldetik ibiltzen gara-eta», esan du Aritz Sound Systemek.

Artixten Topaketak gainera, badu berezitasun gehiagorik, ez baita jaialdi itxia. «Normalean antolatzaileek edozein jaialditan egitarau itxia egiten dute. Gure nahia, ordea, deialdi irekia egitea zen, horrela parte hartu nahi duen edonork aukera izateko. Parte-hartzaileek bere borondatez eman dute izena topaketetan», azaldu du. Jaialdi xumea da beraz gaurkoa, baina askotariko ekintzak biltzen dituena, hala ere. Agertokiak hiru dira: Agertoki Handia, Urbieta kaleko mutur batean izango dena; Kaleko Agertokia, Urbieta kalea osoan barna; eta Sound System gunea, Urbieta kalearen erdian dagoen kioskoan. Euria egiten badu, Atsegindegi plazan egingo dituzte ekintza guztiak, Urbieta kalearen ondoan, hain zuzen.

Hala, Agertoki Handian 12.00etan Morau kantautorea izango da; 17.00etan, Black Jiko, hau da, Raul Kubatarraren taldea; 18.00etan, Ania kantautorea ;eta 19.00etan, black death metal egiten duen Impio taldea. Kalean zehar graffiti egileak, postuak, TTP taldea (musika eta margoaren performantza eta dantza garaikidea) egiten duen Hernaniko taldea arituko dira. Eta Sound System gunean, berriz, disko jartzaileen sesioak: Reggae Sound Systemak eta Rap abeslariak izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo