GARA > Idatzia > Pilota

Lau eta Erdiko Txapelketa

Zaldibian eta Loiun emango diote hasiera kaiolako lehiari

Zubieta hasiberriak Agirre beteranoa izango du aurkari Txorierriko herrian eta Chafeek Del Rey Goierrin

p055_f01_148x108.jpg

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Zaldibia eta Loiun jokatuko diren bi partidek emango diote ofizialki hasiera 2007. urteko EPELen Lau eta Erdiko txapelketari. Gipuzkoako herrian Ismael Chafee eta Del Rey arituko dira elkarren kontra eta Bizkaian, aldiz, Imanol Agirre beteranoak Aitor Zubieta debutaria izango du arerio.

Etxarri Aranatzeko atzelariak erronka bikoitza izango du Loiun. Izan ere, Ligak antolatutako lehen txapelketa izango baitu Lau eta Erdikoa. Gainera, Abel Barriolarekin batera, bera da atzelarien ohoreari eusten saiatu beharko dena, bi nafarrak baitira aurrelarientzat pentsatutako lehiaketa honetan arituko diren atzelari bakarrak.

2006ko Binakako txapelketan izan zuen Aitor Zubietak txapelketa handi batean parte hartzeko lehen aukera, baina baldintzatutako debuta izan zen. Izan ere, Pedro Martinez de Eulate min hartutakoaren ordez jokatu baitzuen batere garrantzirik gabeko finalerdietako ligaxkako azkeneko partidan. Xala lagun, 22-20 irabazi zieten Kokari eta Beginori Bergaran.

Uda bikaina osatu ostean, sei hilabete geroago lehen aukera handia eman dio Aspek eta itxaropentsu da Etxarrikoa: «Lau eta Erdian nahiko ondo moldatzen naiz, postura on xamarrak ditut, baina horrek ez du esan nahi espezialista naizenik. Ea zer moduz moldatzen naizen».

Iaz Bigarren mailakoan jokatutako hiru partidak dira kaioladuen esperientzia. Baleztenari 22-19 irabazi zion, Rober Uriarteri 22-15, eta Apezetxeak kanporatu zuen 22-9 irabazita.

Txanponaren beste aldea

Imanol Agirre txanponaren beste aldea dela esan genezake. Izan ere, aurtengoa bere seigarren Lau eta Erdiko txapelketa izango baitu. Buruz Buruko lehiatan izar handiei lanak emandako mutila da Arteakoa, 2004 eta 2005 urteetan final-zortzirenetara heldutakoa. Iaz lehen kanporaketan geratu zen txapelketatik at, Enrique Galarzaren aurka 22-20 galdu ostean.

Zaldibiakoa bi inkognita handiren arteko lehia izango da, Del Reyk eta Chafeek denbora dezente baitaramate estelarretatik kanpo. Errioxarrak orain bi urte jokatu zuen kaiolan eta nafarrak iaz. Biak lehen kanporaketan kaleratu zituzten.

debuta

Iazko Binakako Txapelketan garrantzirik gabeko partida bat jokatu zuen arren, gaurkoa izango da Zubietaren lehen partida Ligak antolatutako txapelketa batean

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo