GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | Juan Gorritiren erakusketa Iruñean

Mundu urdin bat Ziudadelan, solasik gabeko hizkuntza, naturaren poesia

Mundua museo handi bat da, baina begiratu egin behar zaie obrei. Iruñeko autobus geltokiko ostatuan gaude; antzinako argazki bat dago horman paratuta, autobus baten gainean hamaika lagun. Zuri-beltzean egon arren primeran ezberdintzen dira kolo- reak. Atetik, berriz, geltoki berria ageri da; kristal handiekin, moderno-modernoa. Zaharra eta berria. Bi mundu.

p008_f01.jpg

Juan Gorriti zaharraren erakusgarri litzateke. Irribarretsu hurbildu zaigu, txapel beltzarekin eta galtza urdinekin, ohi bezala. Hala ere, nahiz eta gizartearen abiadura bizia eta presak kritikatu, nahiz eta artelanak egiteko erabiliaren erabiliaz gastatutako baserriko objektuak ba- liatu, modernoa ere baloratzen duela konturatu gara. Sandaliak jantzita dago eta hanka bakoitzean kolore bateko galtzerdi bat du jantzita. Hori baino moda berritzaileagorik? Gainera, Ciudadelan ireki duen erakusketara bidean goazela, markesinei eta errepideko marrazkiei erreparatzen die. «Begira, begira, hori ere artea da, museo batean egongo balira artelantzat hartuko genituzke».

Arte galeria batean jaioa

Aulki pentsaezinak daude Ziudadelan. Aulkia ipurdi azpian izaten dugu beti, baina ideia hori apurtu eta buru gainean jarri du urteetan altzariak zaharberritzen aritu zen artistak. Batek babarrunez betetako eltzea du gainean; bertzeak oilategia makina bat aldiz garbitu duen erratz nekatua. «Zergatik dago hor? Bada, lan egin duelako», dio eskultoreak konbentzituta. Umea zela bizitakoa azaleratzen da bere obretan. Lanean ari ziren baserritarrei eta artzainei begira egoten zen, formei adi, natura miresten. «Hau artea bada, ni arte galeria batean jaioa naiz», baieztatu du. Eskola lagungarria dela uste du, baina baita barruko gaitasuna ere. Gorriti ez da arte eskolan ikasia. «Sentimendua ez da eskolan ikasten».

Aulkiz aulki, bitxikeriaz bitxikeria jarraitu dugu aitzinera. Ahari buruak ikusi ditugu, gazta nahasteko erabiltzen ziren tresnak, baita kaiolak ere. Oiloak eta untxiak sartzea zen asmoa; hala egin zuen Donibane Garazin, eta galeria bisitariz lepo zegoen unean hasi zen kukurrukuka oilo bat. Iruñean ez diote utzi, ordea. Altzari urdin berezi hauetako batzuetan nabarmena da denboraren joana. Arotz, enkofratzaile eta ebanista lanetan ere aritua den Arribeko artistarentzat laugarren dimentsioa da denbora. Gogoko du urteek ematen duten testura, eta erakusketa gehienetan jartzen den arauari buelta eman dio: «Hemen, debekatuta dago ez ukitzea», jakinarazi digu.

Sukalde erdian zuten tximinia eta etxe guztian sakabanatzen zen kea, egurrezko paretak laztanduz. «Denborak artea egin zuen». Gorritik gelditu egiten du denbora bere artelanetan eta begi, sudur eta esku bakoitzak bere erara ulertzen du barrenean gordetako istorioa. Usaina ere badute-eta obrek.

Kontzentratuta dago eskultore nafarra azalpenak ematen eta ez da jabetu bisitari batzuk sartu direla galerian. Goiza da eta itxita dago erakusketa, 18.30etik 21.00etara dute interesatuek ezagutzeko aukera (jaiegunetan 12.00etatik 14.00etara). Nahi badute sartzeko, baina mesedez atea ixteko eskatu die, bertzela errieta egiten diotelako galeriako arduradunek. «Lehengoan esan nien aski dela, errieta egiten didan laugarren belaunaldia direla», kontatu du irrika.

«Bostehun urte ditut»

Gorritiren ezpainetan dagoen bertze gai bat zaharraren eta berriaren arteko harremana da. «Nik bostehun urte ditut eta galeria honen parean lanak erakusten dituen Javier Villarealek -Barricadako abeslariaren anaiak- berrogeita hamar. Txikitatik ibili da eskolan, teknologia berriak erabiltzen ohituta dago eta gauza harrigarriak egiten ditu ordenagailuarekin. Marrazkilari ona da eta unibertsitatean klaseak ematen ditu», adierazi digu. Gorritik ez ditu teknologia horiek erabiltzen eta ez du maite gizarte honek berekin dakarren presa. «Asmakizun pila bat dago, baina ea nork sortzen duen barruko maitasuna ateratzeko tresnaren bat», hausnartu du.

Berarekin hitz egiten baduzu, mila lagunen izenak aipatuko dizkizu. Horien artean dago Pablo Juarros Iruñeko eskultorea, «adiskide handia» duena. Aulki bat eskaini dio berari ere, txatarra birziklatuta egina. Anitz lagundu zion Juarrosek eri egon zen garaian -1968an gaixotasun larri bat izan zuen eta urdailaren zati bat eta pankrea kendu zizkioten. Zainduz gero, 2000 urtera ailegatuko zela erran zioten medikuek!-. Horregatik, haretzat da erakusketaren zati bat.

Bertze lagun batek, Joseba Urretabizkaiak, egin dio «Aulkizarki»-ren katalogoa. Gau batean artelan bakoitzarentzat testu ttipi bat idatzi zuen Gorritik: «Txorikanta Arboltanta belarzanta ostoplanta eta sorgin todoespanta», errate baterako. Zakarrontzira bota behar zituen baina Urretabizkaiari gustatu eta liburuxkan sartu zituen.

Erakusketako artelanekin batera, etxeko sukaldeko horma ere ageri da bertan. Sukaldatzean olioak salto egin eta zikindu egiten ditu azulejuak. Arazo hori konpontzeko primerako ideia eman digu Arribekoak: kolore biziko marrazkiz bete ditu artistak azulejuak. Hatz punta bakoitzean oilar bana duten eskuak, txoriak, alkatxofak, arrainak, eguzkia, txerriak... Ohi bezala, naturako elementuak izan ditu inspirazio iturri.

Berako Javier Lekuona arkitektoaren idatziak ere badaude katalogoan, Jorge Oteitzaren bat, eta Alfonso Sastreren eta Eva Foresten bertze bat, Gorritiren izaerari buruzkoa. Hona hemen zati bat: «(...) artista euskalduna, teluriko eta berezkoa, naturaren alorretik datorrena geometriatik edo kulturatik baino gehiago, berezko sentsibilitatetik gehiago duena matematikatik edota kontzeptuen razionaltasunetik baino (...)».

Aulkia eta bere ingurua erakusten du sortzaileak Ziudadelan. Batzuk gazte denborako bizikletekin eginak dira; bertze bat «urdin industrialarekin» margotua dago, urarekin eta karearekin sortutako urdinarekin kontrastea bilatzeko; zenbaitek oinetakoak ditu jantzita; «Ahari-Bisiohn» izena du bertze batek eta putreek jandako animaliaren burua dauka. «Asko ibiltzen naiz mendian eta putreak artistak ere badirela ikusten dut. Mesede handia egiten diote naturari», baieztatu du.

Sarako egur errea

Artelanen maketak ere ezagutarazten ari da Gorriti lehenbiziko aldiz. «13 zarhaulki» bilduman, aulki bikoitz bat jarri du erdian, Jorge Oteitzari eta Itziar emazteari eskainia. Alde batean sei aulki ditu eta bertzean zazpi. Lagunenak dira.

Erakusketaren bertze zati bat Sarako elizako egur errearekin egindako eskulturek osatzen dute. Tximista zoritxarra da, baita artista ere zuhaitz bati pintzelkada ederra ematen dionean. Brontze zatiak prentsan paratu eta paperean irudi ikusgarriak finkatzea lortu du Gorritik.

Hasitako puntuan bukatu dugu ibilbidea, autobus geltokiko ostatuan pintxo bat janez, eskultoreak Arribera bueltatzeko autobusa hartu behar baitu. Baina zerbait aldatu da inguruari so egiteko moduan: mundua museo handi bat da...

Maider IANTZI

DENBORA

Nabaria da artelanetan urteen joana. Juan Gorritiren aburuz, denbora laugarren dimentsioa da, artista bat. Maite du urteek ematen duten testura, eta erakusketa gehienetan jartzen den araua hankaz goiti paratu du: hemen, debekatuta dago ez ukitzea.

Sastre eta forest

«(...) artista euskalduna, teluriko eta berezkoa, naturaren alorretik datorrena geometriatik edo kulturatik baino gehiago(...)», dio Alfonso Sastreren eta Eva Foresten idatzi batek Gorritiri buruz. Erakusketako katalogoan jasoa dago.

PRESA

Gorritik ez du teknologia berririk erabiltzen eta ez du gogoko gizarte honek berekin dakarren presa. «Asmakizun pila bat dago, baina ea nork sortzen duen barrenean daramagun maitasun guztia ateratzeko moduko tresnaren bat», hausnartu du.

urdina

«Aulkizarki»-ko urdina ez da edozein urdin. Lurretik jaiotzen den kolorea da, karearen eta uraren bidez. Kolore horrekin aritzen zen jostetan Arribeko sortzailea haurra zelarik, eta berezia da beretzat, hala zen Jorge Oteitzarentzat ere.

Galtzak koadrora

Urtean behin garbitzen omen du tailerra eta hondakinei su ematen die baratzean. Aurten, berriz, galeriara eraman ditu galtza, lapitz, erregela eta pintzel zahar hondatuak, lanaren usainarekin batera. Koadro koloretsu bezain bitxiak osatu ditu horiekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo