GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Txillardegi Idazlea eta hizkuntzalaria

Ez dago beste biderik

Fermin Calbeton kaletik semea zeraman furgonetaren kontra emandako ostiko zaratatsuak entzuten bide ditut oraindik

Zail gertatzen da gure Joseba Soto del Realgo presondegian sartu berria delarik, nigan trumilka pila- tzen diren herra olatuen gainetik mintzatzea.

Fermin Calbeton kaletik semea zeraman furgonetaren kontra emandako ostiko zaratatsuak entzuten bide ditut oraindik.

Berriro ere Loren, Eneka, Eñaut senarra eta aita gabe gelditu dira. Eta gu geu semea gabe. Gure herri zafratu honetan ehunka familia, milaka familia, apurturik dauden bezala.

Arnaldo Otegiren atxiloketaz geroztik azkartu egin dira gertaerak. Garzonen azkeneko hogeita hiruak bide beretik etorri dira.

PSOEren gobernuak tema bakarra du: gure kontrako zapalketan PP baino gupidagabea- go agertzea, bera baino basatiago. Orain dela 200 urte gutxienez begi onez hartzen baitira Espainian gu, «esos bárbaros del Norte», egurtzea eta sakailatzea.

Oraindik ez baitugu sinesten Espainiaren gorentasunean. Oraindik ez baitugu «integratu» nahi. Oraindik ez baitugu español izan nahi.

Eta egia da. «España tiene voluntad de imperio» diotenek, Ameriketako genozidio latza burutu izanaz harro daudenek, uxatu egiten gaituzte, eta separatismora bultzatzen.

Independentzia ala hil. Bai.

«No cederemos ante el chantaje de los violentos» diote. Bego.

Hortaz, zergatik erotzen za-rete zakur errabiatuak bezala Ibarretxeren planaren aurrean? Noiz izan da PNV ETAren aldekoa?

Zergatik sumintzen zarete zentzua galdu arte katalan separatisten aurka? Nahiz han borroka armaturik ez egon.

Zuen ultra-nazionalismo españolak itsutzen zaituelako.

Kostata izan bada ere, ulertu egin dugu gakoa euskaldunok: Espainiarekin, jai.

Eta irtenbide bakarra ikusten dugu: Burujabetza osoa, independentzia.

Flandriak eta Eskoziak aldarrikatzen duten berbera.

Nahia badugu, gero eta azkarragoa.

Eta eskubidea ere bai.

1966ko abenduaren 16an, ahobatez, PIDH izeneko bi itun internazionalak onartu ziren. Eta biotako lehenengo artikulua hauxe da: «Herri guztiek dute autodeterminatzeko eskubidea».

Areago: bai Frantziak bai Espainiak sinatu egin zituzten bi itun goren horiek. Baina ezikusia egiten diete lotsarik gabe.

«Estado de Derecho»? Gezurra ! Espainia Estatuak, oso bereziki, 1978ko Konstituzioan, ukatu egiten ditu errotik bi itunok. Eskubide iturri bakartzat «el pueblo español» ezartzen duelako; eta espainiar Armadaren eskuetan uzten Espainia hautsiezinaren bermea .

Beraz, zer egingo?

Auto-Determinazioaren aldeko mugimendu sendoa sortu eta azkartzea.

Ez dago beste biderik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo