Kirmen Uribe Idazlea
Metodikoa izatearen garrantziaz
Niri beldur pixka bat ere ematen dit Michelangelok. Nik nahiago dut Leonardo eta haren gizatasuna. Haren ahuldadeak nahiago ditut
Ni ez naiz gizon metodikoa, argi aitortu behar dut. Esan behar dut esan, askotan saiatu naizela lan horretan, nire lanetan metodo bati jarraitzen alegia, baina tamalez ez naiz gehiegi aldatu haurra nintzenetik hona. Txikitan ere ahalegintzen nintzen eskolako lanetan metodikoa izaten, ez uzten azken egunerako nire eginbeharrak. Halaxe gomendatzen zidan arrebak, ni baino askoz metodikoagoa zen hark, kezkatu egiten baitzen bera nire azken eguneko estutasunekin. Hala eta guztiz ere, alferrik izaten zen, bezperan hasten nintzen errepasatzen biharamuneko azterketa. Okerrena zen gainditu egiten nituela materiak, kurtsoetan aurrera egiten nuela, eta halaxe jarraitu dut. Eskolako kontuez ari garela, aitor dut txikitan senperrenak ikusten nituela ortografia ariketetan. Hortxe ere ez nuen metodorik. Idazkera dotoretzeko ariketak egin eta egin eta ez zegoen amaren seme-alabarik nire letra hobetuko zuenik. Gauza bera zapatetako lokarriak lotzeko orduan. Sekula ere ez dut ikasi larroseta artez egiten. Barre egiten didate etxekoek kalean lokarriak lotzen baditut, zapatak haurren moduan lotzen ditudala esaten didate eta, bi korapilo eginda.
Argi dago bi pertsona mota daudela gai honi dagokionez ere. Metodoa dutenak eta aldrebesak garenak. Hala izan da beti. Esaten dute, esaterako, Leonardo da Vinci ez zela bat ere metodikoa. Denbora asko ematen zuela irakurtzen, naturari begira, gogoeta egiten. Gauza batetik bestera igarotzen zen etengabe. Teknologiaz maitemindu eta alferrikako tramankuluak asmatzen zituen. Ametsetako tramankuluak. Berehalaxe aspertzen zen haietaz. Bolada batean hegan egiteko makina asmatu behar zuela otu zitzaion Leonardori. Orduak eta orduak eman zituen lan horretan. Baina tramankulua bukatu eta berehalaxe bazterrera utzi zuen. Gauzak horrela, haren lanik inportanteenak apunteak dira. Koadroak pintatzeko apunteak, anatomiari buruzko apunteak. Bizitza osoa egon zen lanean; dena den, benetan koadro gutxi pintatu zituen Leonardok. «Giocconda» famatua eta «Azken afaria» ospetsua, baina gutxi gehiago. Ez du zerikusirik Michelangelorekin. Micehelangelo Leonardo baino gaztexeagoa zen eta marka guztiak hautsi zituen. Hark bazuen metodoa, eta lan ugari egin zituen bizitzan. Koadroak, freskoak, eskulturak. Haren lana eskerga da eta bikaina. Baina niri beldur pixka bat ere ematen dit Michelangelok. Nik nahiago dut Leonardo eta haren gizatasuna. Haren ahuldadeak nahiago ditut. Baina gauetan beldurtu egiten naiz aldian aldian, beldur izaten naiz neuk ere ez ote dudan pare bat lan baino bukatuko, azkarregi ez ote naizen aspertzen nire egitasmoekin. Burua eskua baino azkarrago baitoa beti.
Leonardo eta bere apunteak. Eskerrak apunteei. Horrek salbatu zuen Leonardo. Eta neu ere horrexek lasaitzen nau, apunteak hartzen ditudala behinik behin. Hori bai, ez dakit inork ulertuko dituenik nire apunteok, ortografian arazoak ditut oraindik eta.