GARA > Idatzia > Kultura

Bukatu da jada Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen fasea

GARA | DONOSTIA

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa puri-purian dago. Atzo bertan bukatu zen lehen fasea, sailkapen fasea, alegia, eta jada hilaren 20an hasiko den final-laurdenetan parte hartuko duten 23 bertsolarien izenak eman dituzte jakitera.

Horiek hala hauexek dira final-laurdenetara pasako diren 23 lagunak: Uxue Alberdi, Unai Muñoa, Iker Zubeldia, Iñigo Izagirre, Aitor Sarriegi, Iñaki Zelaia, Agín Rezola, Xabier Sukia, Jokin Uranga, Nahikari Gabilondo, Vixente Goristidi, Ibai Esoain, Aitzol Barandiaran, Ainhoa Agirreazaldegi, Iñaki Apalategi, Iñigo Manzisidor «Mantxi», Unai Agirre, Joxe Luis Urdangain, Arkaitz Oiarzabal, Joxe Munduate, Beñat Gaztelumendi, Hodei Iruretagoiena eta Josu Oiarzabal.

Datorren astean 30

Hauek guztiek pilak kargatu ondoren Azkoitian hasiko den final-laurdenekotan beste zazpi lehiakide izango dituzte lagun. Orain lau urteko txapelketan, 2003an, finalista izan zirenak, zehazki, hau da, Jexux Mari Irazu, Iñaki Gurrutxaga, Ekaitz Goikoetxea, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Jon Martin eta Amaia Agirre. 30 guztira beraz.

Final-laurdena, esan moduan, Azkoitian hasiko da eta bost saio izango ditu guztira. Gainontzeko lau saioak Irunen hilaren 21ean Amaia antzokian, Eibarren Coliseo antzokian hilaren 27an, Zumaian hurrengo egunean Maria eta Jose ikastetxean eta Tolosan Usabal kiroldegian azaroaren 4an izango dira.

Hauetatik hamazortzi bakarrik pasako dira finalaurrekoetara eta finalera, abenduaren hamaseian Donostiako Illunbe zezen-plazan, zortzi bakarrik iritsiko dira.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako fase guztietako xehetasun guztiak www.gpuntua.com web orrialdean bildu dituzte antolatzaileek. Astero-astero informazioa gehitzen diote, horrela, bertan saio guztiak non izango diren eta hara nola iritsi daitekeen argitzen dute, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo