GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Berradiskidetze nazionalaren sasoia

Hamar egun zirtzil aski izan dira Myanmar gaurkotasu- naren gailurretik ahanzturaren ilunpera itzularazteko. I. Gambari Nazio Batuen ordezkariak egin du bere bisitalditxoa herrialdera, Aung San Suu Kyi atxilotuarekin elkarrizketatu da, Than Shwe jeneralarekin hitz egin... eta «ateratzean, itzali argia, mesedez» esan diotela ematen du. Itzultzean esan dituen arrunkeriak ezin baitira beste inola har: ikusi duenak kezkarazi egin omen duela, errepresioak hildakoak esaten dena baino gehiago izan omen daitezkeela... eta berradiskidetze nazionalari ekin behar omen zaiola Myanmarren. Harrapazak!

Gakoa ez datza Gambarirengan, noski. NBEko Segurtasun Kontseiluaren showa ikusi besterik ez dago: Khalilzad enbaxadore estatubatuarrak, Myanmarreko diktadura militarra ez duenez bere besoetakoa (kasu bakarra, agian, Asia osoan), zigor ekonomikoak ezartzea eskatu du. Txinak eta Errusiak ezetz diote, noski: barne arazoetan esku sartzerik ez eta, batez ere, ezegonkortasun gehiagorik ez lehendik ere nahiko ezegonkorra den eskualde hartan. Eta Erresuma Batuak eta Frantziak... adierazpen handiosen garaia pasa eta argiak itzali direnean, betikora (ezin baita Birmanian ari diren enpresa europarren pagotxarekin jolas egin): gobernua eta oposizioaren arteko elkarrizketarako dei egitera... berradiskidetze nazionala lortzeko. Eta presozainari demanda egiten diote presoarekin «adiskidetu» dadin.

Ez dakit esapidearen asmakizuna berea duen, baina Santiago Carrillorena da «berradiskidetze nazionalaren» kontzeptu politiko horren lehen erabilpenetakoa. Estatu Espainolean zer eman duen hausnartzeko garai aproposa izan daiteke egungoa, Erreformak 30 urte bete eta duela 70 urteko hilotzak bilatzen jarraitzen dugun sasoian. Birmaniarrentzat, hala ere, urruti samarreko kontuak izango dira gureak.

Hurbilago daukate Pakistango kasua. «Berradiskidetze nazionalaren» mesedetan, Bhutto, PPPren «erregina» deserriratua, eta P. Musharraf, estatu kolpez lehendakari bihurtu zen jenerala, ados ipini dira: jeneralak lehendakari izaten jarraituko du, bere morroietako bat armadaren buru izango da Benazirren oniritziarekin... eta honi, etxera itzuli, hauteskundeak irabazi eta gobernua osatzea tokatuko zaio. Eta denak pozik. Beno, Pakistango herria izan ezik. Tratu horretan ez baitu ezertxo ere irabazten. Baina nori axola dio herriak?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo