Ixabel Etxeberria Irakaslea
Parisek ere hauteskunde kanpaina ideki du
Abertzaleei sinesgarritasuna kentzea norabide finkoa da Parisko arduradunentzat eta hemengo hautetsiak oso leialak dira politika horretan
Madrilgo sozialistak kanpainaren hasierarako haien aldeko propaganda bide klasikoena hautatu dute: independentziaren aldeko ikurrak preso sartu. Alegia, Espainiari «mamuak» nortzuk diren erakutsi Espainiaren batasunaren defendatzaile sutsuenak nor diren azaltzeko.
Errezeta bera erabili da Paristik: Ducasse sukaldariaren proiektu erraldoiaren kontrako ekintza oinarritzat hartu Garazi inguruak inarrosteko. Izan ere, Ipar Euskal Herriak duen kontseilu orokor abertzale bakarra Garazin dugu. Ez dute Parisen arriskurik hartuko heldu diren hauteskundeak baino lehen, Herriko hauteskundeak martxoan iraganen baitira. Hamabost atxilotu, Kalaka ostatua miatu, biztanleriari abertzaleak gaixtoak eta ekintza salagarriak egiten dituztela denetan agertu, eta hauteskundeen kanpainaren doinua emana da. Euskal Telebistan entzun dugu kloratita atxemana izan zela, hau lehergailuen egiteko erabiltzen zela. Geroztik, jakin dugu baserrietan erabiltzen den ongarria aurkitu zutela. Eta gisa guziz atxilotuak frogarik gabe preso sartu dituzte. Zer inporta du? Abertzaleak direnez ez du horrek ondoriorik izaten. Aldiz, bozkatzeko unean izigarrizko eragina badu.
Justiziaren independentzia aipatzen dute. Clearstream kasuan arduradunak ez dira preso aurkitzen. Aldiz, bost gaztek bukatzen dute Parisen, epailearen aginduz eta Allioten benedizionearekin. Epaile batek ez omen du politikaren arabera lan egiten, harrigarria da nola lege hau ez den gurean aplikatzen, ez baita legea eta independentzia aldeko borroka kriminalizatzeak, beste asko bezala, etekin handia baitu.
Demoek 2000. urtean Euskal Artxibategiaren eskatzeko ekintza bat antolatu zuten, frantses Iraultzaren garaian egin zen euskal Departamenduaren eskakizuna frogatzen duen dokumendua desagerrarazi zuen eta babesleku batean gorde. Ondotik, hamabost atxilotu izan ziren eta lau gazte zigortu zituzten.
Aste honetan, Baionan, Euskal Artxibategiko lehen harria jarri dute, Demoek egin zuten eskakizunari arrazoin emanez. Ez dute horregatik zigorrik kendu, ez barkamenik eskatu atxilotu zituzten gazteei. Eskakizuna kriminalizatzea inportantea baita Parisentzat eta jaunttoentzat.
Urrats bat egina izan da. Haatik, ohargarria da lehen harria jarria izan da joan den asteko sarekadaren ondotik. Erranen da ez duela batek bestearekin deus ikustekorik, baina ekintza politikoak oso ongi neurtuak izaten dituzte eta mezua hau da: begira zein hautetsi idekiak eta herriari atxikiak ditugun! Hauek bake bidetik aitzinatzen dituzte ideiak, aldiz abertzale horiek, mamu beltzak dira. Abertzaleei sinesgarritasuna kentzea norabide finkoa da Parisko arduradunentzat eta hemengo hautetsiak oso leialak dira politika horretan. Kanpaina idekia da.