GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Herriko antzerkigintzako erakusleiho bihurtuko da Getxo, jardunaldien 25. urteurrenean

Azpeitiko Topaketekin batera, euskal antzerkigintzako jaialdirik «beteranoena» dugu Getxokoa. Gaur bertan zabalduko duten edizio berriarekin, gainera, mende laurdena beteko dute.

p057_f01_96x84.jpg

GARA | BILBO

Gaur egun Getxora jo behar dugu euskal antzerkiak zer eman duen jakiteko. Izan ere, Bizkaiko herri horretan burutzen diren jardunaldiak urteko antzerki produkzioaren erakusleiho dira. Umeentzako eta haurrentzako lanak, hainbat genero eta gai, euskara eta gaztelania... nahastu egiten dira jaialdiko egitarauan, non hamabi lan ikusi ahal izango diren, hamasei saioetan banatuta.

Jaialdiko agertoki nagusia Getxo Antzokian kokatuko da. Bertan lan nagusienak eskainiko dira, eta, adierazgarria bada ere, gehienak gaztelaniazko bertsioetan eskainiko dituzte; Kanpingags konpainiaren «Cueva de ladrones» komedia beltza kasu. Stephen Adly Guirgis-en lanaren bertsio horrek zabalduko du gaur, 20.00etan, jardunaldien edizio berezi hau. Karlos Zabalaren zuzendaritzapean, telebista eta antzerkiko aurpegi arras ezagunak biltzen dira muntaia honetan: Joseba Apaolaza, Asier Hormaza, Kontxu Odriozola... Obsesioak jotako lau pertsonaiaren bizitzak gurutzatu egingo dira. Mota guztietako terapiak probatu dituzte: jateari uzteko, erretzeari uzteko... Eta arazo horiek burutik kendu ezinik, bat-batean lapurreta erraza egiteko aukera agertzen zaie. Baina mafia tartean da.

Bihar, «ikerketa soziologiko» antzeko bat, «Mujeres en sus camas» (Tanttaka) lana, ikusi ahal izango da agertoki berean. Emakumeen bizitza sexualerako introspekzioan euskal antzerkigintzako emakume ugarik parte hartzen du. Datorren astean, ostiralean, «Bota patsa!» komedia dibertigarriaren txanda izango da. Bertan, Txalo konpainiak bi kirolari saiaturen gorabeherak ekarriko dizkigu. Hilaren 21ean «Demasiado humano» (Traspasos) lanak Friedrich Nietzsche filosofoak bere azken egunetan bizi izandako bizi eta sormen drama gerturatuko digu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo