GARA > Idatzia > Zinema

«Nocturna», begiak ixtean bizia hartzen duen mundu paraleloa

Gauarekin, iluntasuna sartzearekin batera, ingurunearen ikuspegia ere aldatu egin ohi da. Munduaren «beste alde hori» erakutsi nahi izan dute Victor Maldonado eta Adria Garcia katalanek «Nocturna» filmean, Irusoinen barneko Mixer eskutik euskarara bikoiztuta ere estreinatuko dena. Publiko gazteenari zuzenduta, istorioak Tim umezurtza du protagonista; Katuzain lagun duela, bere beldurrei aurre egiten ikasiko du mutikoak, bidaia miresgarri bat tarteko.

p060_f01_149x78.jpg

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Zer gertatuko litzateke bat-batean argi guztia itzaliko balitz? Ideia horren bueltan eraiki dute Victor Maldonado eta Adria Garcia gazteek (Bartzelona, 1978) «Nocturna» filma, gaurtik aurrera euskarazko bertsioan zinemetan ikusgai izango dena. Iluntasunak gizakiarengan sortzen duen egonezin egoerari buelta ematen dion filma proposatzen dute katalanek. Azaldu dutenez, haurrek erraz barnera dezaketen istorioa sortu nahi izan dute, ikuslea bidaia magiko batean murgildu eta, gisa horretan, norberak dituen beldurrak onartu eta gainditzea zilegi dela erakutsi asmoz. Horretarako sortu dute «Nocturna», lokartzen garenean sortzen den mundu paraleloaren isla.

Zuzendarien iritziz, animazioak haurrek duten gaueko hiriaren ideia eraikitzeko tresnak eskaintzen ditu. Filmaren erronka nagusia, berriz, «miresgarria, ilunegia eta goibelegia denaren arteko oreka lortzea» izan da eta, horretarako, «oso garrantzitsua izan da argiarekin jolastea, bai giro desberdinak eragiteko orduan bai istorioari zentzua emateko ere. Izan ere, azken batean argia eta iluntasuna dira argumentuaren giltzarriak», agertu dute.

Animazioaren munduan sartu zirenetik, katalanek taldean funtzionatu izan dute beti. Gainera, gazteak izanagatik ere, ibilbide aparta egin dute dagoeneko zinemagintzan. Besteren artean, Animal Studio animazio eta ilustrazio zerbitzua sortu zuten eta eurak dira Mad Hatter Studioren fundatzaileak ere (zinema, telebista zein Interneterako animazio zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa da). Horiek sortu aurretik, ordea, hainbat produkzio-etxerentzat animazio pertsonaiak asmatu eta garatu izan dituzte.

Azkenaldian egindako lanaren gainean, «Goomer» eta «Manolito Gafotas»-en story boardetan eta ereduetan ibili dira, «Bosque de Lump»-en ereduak sortu eta garatu dituzte eta «El Cid, la leyenda»-ren sortze bisuala eta zuzendaritza artistikoa zuzendu dituzte. «Nocturna»-n, zuzendari izateaz gainera, gidoia sortu dute eta zuzendaritza artistikoa ere bere gain hartu dute.

Tim izutia Itzalari aurre eginez

Istorioak Tim haur izutia du protagonista nagusi. Bizi den umezurztegiaren teilatuan eserita dagoela gauetan babesa ematen dion izarra erortzen ikusi eta gaua ez dela berak uste duenaren modukoa konturatuko da. Non erori ote den ikustera hurreratzen denean irrist egingo du eta Katuzainek gidatutako katu taldeak libratuko du erortzetik.

Ordutik aurrera, haurrak lotara doazenean gaua magiko izan dadin lanean dihardutenak ezagutuko ditu Timek eta, une horretan, bere beldurrei aurre egin eta izarraren bila irteteko bidaiari ekitea erabakiko du. Zuzenean, gaueko beldur guztien iturri den Itzalari aurre egin beharko dio, izarraren erortzeak suposa dezakeen zorigaitzari irtenbidea emateko.

Gaueko munduarekiko zuzendariek zuten irudipena islatzeko lau urteko lana egin behar izan dute animazio taldeko kideek. Zehazki berrehun artista inguru aritu dira proiektuan eta 1.400 plano, 120.000 fotograma eta 900 dekoratu marraztu, sortu, gainbegiratu eta kudeatu dituzte. Izakiei bizia ematen hogeita hamar animatzaile aritu dira, Valentin Amador animazio zuzendariaren gidaritzapean.

Aurrerapenak eta tradizioa

Azken urteotan aparteko indarra hartu du animazioak. Horrenbestez, estudio ugarik animalia hiztunak protagonista dituzten publiko guztientzako filmak hiru dimentsiotan ekoizteari ekin diote. Filmax-ek, berriz, proposamen berria dakar, ipuin klasikoetara jo eta bi dimentsiotako formatuaren aldeko hautua egin baitu «Nocturna»-rekin.

Maldonado eta Garciaren hitzetan, animazio tradizionalak ate berriak zabaldu ditu informatikaren aurrerapenei esker eta, hartara, orain arteko muga teknikoak gaindituz bizkortasuna eta freskotasuna ekarri ditu bi dimentsioetara. Sortzaileek azaldu dutenez, «Filmax-ek proiektu hau egiteko aukera eman zigunean teknika hau (2D) hautatu genuen hasieratik, batez ere ilustrazioaren munduarekin eta haurren ipuinekin duen antzekotasunagatik. Horrela lortu genuen pelikulak duen fabula tankera». «Nocturna»-n, beraz, haurrei gertukoak suertatzen zaizkien egoerak sortu nahi izan dituzte aipatu teknikaren bitartez. Horrela, hurrengo ideia helarazi nahi izan diote publikoari: iluntasunari zaion beldurra irudimenak sortutakoa da, asmatua. Gainera, pertsona bera da beldur hori menperatu behar duena, beldurra norberaren bizitza kontrolatzera iritsi aurretik: «`Nocturna'-n ikusleek mundu zoragarri bat baino gehiago aurkitzea espero dugu -zehaztu dute zuzendariek-. Gure helburua emozioak eragitea eta pertsonaiak ikuslearen barne munduan sartzea izan da, izar erratu baten aurrean E.T.-ren espazio-ontzia burura etortzen zaigun modura».

Euskarazko sei film urte bukaera bitartean

«Nocturna»-ren estreinaldiaren ostean, Barton Films-ek, filmaren ekoizle eta banatzailea, euskarazko ekoizpen gehiago ere eramango ditu pantaila handira. Zehazki, beste lau animazio film merkaturatuko ditu urte amaiera bitartean: «The Horror Bus», «Betizu eta urrezko zintzarria», «Donkey Xote» eta «Piccolo eta Saxo». Lehenengo biak azaroan eta gainerakoak abenduan ikusi ahal izango dira zinemetan. Horiez gainera, «Olentzero eta oparien ordua» eta «The ugly ducklyng and me» filmak ere eskuartean ditu, oraindik estreinaldirako data zehatzik ez badago ere. Azaldu dutenez, euskarazko produkzioen aldeko apustua egin du. Horren erakusle da zinemara haurrei zuzendutako euskarazko materiala eramatea. Azaroko estreinaldien artean, ETBko Betizu famatuen lehen filmak izandako arrakastaren ostean egindako bigarren lana dago: «Betizu eta Xangaduko misterioa». Errealitate bihurtzen diren ipuin idatziak oinarri dituen «The Horror Bus» film holandarra ere estrainatuko da azaroan. Abenduan, «Piccolo eta Saxo»-k Musika planeta pantailara eraman eta bertako zenbait biztanleren (Sol, Fa eta Ut giltzak) desagerpena ikertu beharko dute. «Donkey Xote» ere estrainatuko da abenduan; abentura eta umorea uztartuz, «On Kixote Mantxakoaren benetako istorioa» ezagutuko dute ikusleek.

A. A.

Estreinaldia

Zuzendaritza, gidoia eta diseinu grafikoa: Victor Maldonado eta Adria Garcia.

Bertsioak: Euskaraz eta gaztelaniaz.

Bikoizketa: Mixer. Begoña Huegun zuzendari dutela. Miren Aranburu, Josu Mitxelena, Jexux Izeta, Iñigo Puignau, Jose Manuel Goikoetxea eta Jaione Intxausti.

Herrialdea: Estatu espainola, 2007.

Iraupena: 80 minutu.

Generoa: Animazioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo