Joseba Butron irakaslea
Ahaire turkiar huntan
Demagun irratsaio bat. Edo edozein telebistatako edozein tertulia. Egoeraren latzaz arituko zaizkizu denak. Bueno, ia denak. Batzuetan «horietako bat» ere eramaten dute, beste guztien artean ondo jipoitzeko, eta audientzia igotzeko. Eta hari batzuei edo beste batzuei heldu arren, beti puntu berberera inguratuko dira. Behin eta berriz gogoratuko dizute dramaren erruduna. Igual gauzak ez direla guztiz ondo egiten, «zuzenbide estatuak» (sic) akastxo batzuk izan ditzakeela, baina, tira, «normaltasun demokratiko» batean gertatzen direnak direla. Horretarako daude-eta komunikabideak, intelektualak, tertulianoak, iritzi-emaileak, kazetariak, eta abar. Jende jantzia, «zuzentasuna» predikatzeko eta, bide batez, errua beti batzuei aurpegiratzeko.
Gakoa, betiko gakoa, «mundu hori» dela esaten entzungo diezu, batzuei eta besteei. Errakuntza eta bidegabekeria handiak egindakoak direla eta, noski, orain ezin direla ibili besteei elkartasuna eskatzen. Gizarteak batzuetan sinistu diela, baina engainatuta sentitzen direla. Ez dutela bakerik nahi, beti borrokan tematzen direla. Azken baten merezia dutela gertatzen zaiena: manifestazioetan jipoituak izatea, ilegalak izatea, fitxatuta egotea, kartzelatuak, fidantza izugarriak ordainaraziak... Eta, gainera, hori guztia biktimismoa egiteko baliatzen dute. Ze jende doilorra!
Eta, bai, errakuntza handiak egindakoak direla bururatu zaizu. Zapalkuntzaren aurrean ez dute isilik eta geldirik egon nahi izan. Zuhurragoak izatea zeukaten, eta ganorazko pertsonengandik jokabide txukuna ikasi. Esaterako, zapalkuntzarena apur bat testuinguruan kokatu: hori Francorekin gertatzen zela, baina orain beste egoera batean gaudela. Gauzak erlatibizatu egin behar direla esango dizute, dena kolpean ezin dela, baina kolpeka gutxiago. Eta legeak bete egin behar direla, zer erremedio! Eta abar, eta abar. Sermoi luzea dute.
Estatu Batuetako beltzen segregazio garaiak etorri zaizkizu burura. Han ere askok egoera onartzen zuten. Autobusetan joaten ere uzten zieten beltzei, ez denetan, ez jesarrita igual. Baina, tira. Jadanik ez ziren esklaboak. Baina, baina... zer nahi zuten beltz protestalari batzuek? Uzten diezu autobusetan joaten, eta esker txarrekoak halakoak jesarrita joan nahi dute gainera. Zurien moduan! Nazkagarri alaenak! Horregatik, komunikabideek ere lagundu behar zuten egoeraren «zuzentasuna» hobeto ulertarazteko. Izan ere, beltzek ulertu behar zuten beste garai batzuetan baino askoz hobeto zeudela, ez zituztela saltzen eta erosten eta... Baina denak daukala muga bat, horretarako daudela legeak -batzuek asmatzeko eta betearazteko eta beste batzuek konplitzeko, noski- eta gizartean integratzen ikasi behar zutela, eta bakea balore handia zela, eta demokrazia, eta askatasunak, eta abar.
Baina, baina, zertan ari haiz? Dena zaku berean sartzen? Hango -edonongo- egoerak eta gurea ez dituk antzekoak, inondik ere. Kasurako, haiek beltzak dituk, eta gu ez. Eta hor arituko zaizkizu esperpentoak arrazoitu nahian, egunero, orduoro, emisora, telebista eta egunkari ia guztietan.
Bai, ba. Hemen batzuek errakuntza handiak egin dituzte eta egiten jarraitzen dute. Direna izan ahal izatea aldarrikatzen dute, besterik ez. Eta eurak ezin badute, euren seme-alabak behintzat direna izateko askatasuna izan dezaten borrokatzen dira. Bai zera, zuek nahi duzuena boterea da, ezta? Terroristak halakoak. Gainera, igual, galdeketa, edo inkesta bat, edo zerbait antolatuko digute, ea zer izan nahi dugun iritzia eman ahal izateko, ea aklaratzen garen. Baina, baina... Guk ez dugu «erabaki» nahi zer izan nahi dugun. Garena izan nahi dugu, askatasunean. Beste barik. Horren zaila al da? Bueno, bueno. Horrelako kontuekin hasiz gero ez dago zereginik, horrela ez dago konponketarik. Hori da zuen arazoa, ez duzuela ulertu nahi.
Bakarrik zaudete, entzungo diezu. «Lau katu» zarete. Mende erdi gutxienez kontu bera entzuten. Erratuta zaudete, eta ordainduko duzue. Horregatik gizartearen «inmensa mayoría» ez dago zuekin. Hobe beste batzuen bide dotorea hartu bagenu. Etxean geratu, edo tabernan. Ez dituk asko atera kalera protestatzera, esateko. Edo betiko periodikua erosi -eskela gehien dakarrena-, horrek ematen duen bertsioa irakurri, hobeto predikatzeko. Eta ilustratuenek hiriburuko periodikuetako bertsioak. Duda gabe, beste maila bat da. Etxekoekin nora joango zara ba?
Bai, ze duintasuna garesti ordaintzen da, desgaraietan batez ere. Frankismoko urteetan ere garesti ordaindu behar izaten zen. Baina, ondoren, debaldekoa bihurtu zen eta orduan bai, orduan denak izanak ziren jator, denak arituak ziren frankismoaren aurka. Derrepentean denak demokratak eta askatasun zaleak. Denak txapeldun. Momentua aukeratzen ere jakin behar da. Eta egoerara egokitzen, partidu politiko haren epitafioa bete dadin, «Hasieran nahi genuenetik ez dugu ezer lortu. Eta are gehiago, hasieran nahi genuenetik jadanik ez dugu ezer nahi». Horregatik -esaten digute- ez duzue ezer lortuko, ez dakizuelako egokitzen, betiko leloarekin zabiltzatelako.
Kasurako, gaur bertan jai arrotz bat dugu, inposatua. Askok ez dute ospatuko. Beste batzuek aurre egingo diogu: lantokietara, ikastetxeetara, manifestatzera. Beste batzuek zera esango dute: «Ez da protesta handirik izan». Betikoak, badakizu.